Baserriko produktuak erosteko aukera paregabea

Irati Goitia 2012ko urtarrilaren 20a

Baserriko produktuen urteko lehen azoka egingo dute bihar Arrasaten. Laugarren urtez egingo  da aurten, Udalak antolatzen duen azoka. Iazko balorazioa apartekoa izan ez den arren, segitzea erabaki dute. Hori aldatze aldera, Udalak promozioan eta sentsibilizazioan lan egingo duela aurreratu du.

Iazko urteko azokaren gaineko balorazioa ez zen erabat baikorra izan, baina ekimenarekin aurrera segitzea erabaki dute. “Ikusi dugu badagoela bezero talde bat behin eta berriz agertzen dena hilean behingo zapatutako hitzordura, eguazten eta egubakoitzetako ohiko merkatura joan ezin duena agian, lanorduetan izategatik, adibidez” adierazi du Marga Garmendia Udaleko Enplegu eta Garapen Ekonomiko tekinakiak. 

Sentsibilizazio kanpainak

Garmendiak gaineratu du ekimen honi ekin ziotenean bazekitela ez zela lan erraza izango eta ezin izango zituztela berehalakoan jendearen erosteko ohiturak moldatu. Horrela, ekimenarekin jarraitzea erabaki dute, baina emaitzak hobetzeko ahaleginak egingo dituztela adierazi du. Promozioan eta sentsibilizazioan egingo dute lan berezia.

Baserriko produktuak kontsumitzearen garrantziaz ohartarazi nahi dituzte herritarrak, baserriko ekoizpen sistema tradizionalak berarekin dakartzan onurak gizarteratuz: "Elikadura subiranotasuna, sasoiko produktuak izatea, ekoizlearekiko zuzeneko salerosketa, bidezko ekonomia, ondare kulturalaren babesa...".

Ideia hauek guztiak zabaltzeko egingo dituzte sentsibilizazio kanpainak.

Azokan bertan ere nobedadeak

Azoka bera ere, nobedadeekin dator aurten. Hala, herriko ekoizleei emango die lehentasuna Udalak, baina bailarako beste hainbat baserritarren produktuak ere eskaini nahi dituzte: "Kontuan izanda badirela ekoizle batzuk inguruko herrietan ekoizten dituztenak Arrasaten ekoizten ez diren produktuak: eztia, sagardoa...". Udala ari da harremanetan hainbat produktorerekin, "bezeroei begira eskaintza zabalago eta osatuago bat eman ahal izateko" esan du Garmendiak.

Horretaz gain, kontsumo arrunteko beste produktu batzuk ere jarri nahi dituzte azokan, esaterako, ardoa eta olioa. Hori bai, denak era ekologikoan ekoiztutakoak. Horretan ere lanean dabiltzala adierazi du Garmendiak.

Zozketa eta pintxoak

Bestalde, orain arte bezala, baserriko produktu sorta zozketatzen jarraituko dute eta Jesus Romero sukaldaria ere izango da pintxoak egiten -ez guztiean-. Etorkizunean beste elementu batzuk sartzea pentsatzen ere badabiltza, adibidez, talogileak.

Bihar, Seber Altuben

Beraz, urteko lehen hitzordua biharkoa da. Goizeko 9:00etan zabalduko dute azoka eta hamar-bat postu egongo dira. Bertako baserrietako ekoizleez gain, baserriko tresnak eta erremintak egongo dira salgai, baita  arbola landareak eta egurrezko tresnak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak