Ume garaietako zein oroitzapen duzu auzoko jaiez?
Txokolatada gogoratzen dut baina batez ere Gorriti eta haren animaliak; poney artean eta txerria harrapatzen gustura aritzen ginela gogoan dut. Oro har oso oroitzapen onak ditut.
Nobedade aipagarririk bai aurtengo egitarauan?
Jaietako ekitaldi garrantzitsuena mus txapelketa da, zalantza barik. Orain arte zapatu arratsaldean egiten zen baina aurten egubakoitz gauera pasa dugu. Jende gehiagok parte hartzea gura dugu eta horretarako pasa dugu egubakoitz gauera. Edonork har dezake parte, Meatzerrekako elkartean agertzearekin nahikoa da. Kontuan izan behar da zortzi erregetara jokatzen dela. Bestalde, auzo afaria egubakoitzean egiten zen baina mus txapelketa dagoenez, zapatura pasa dugu. Beste nobedade bat ere badago: auzoko baserri arteko patata tortilla lehiaketa, zapatuan 12:00etan. Aurreko urteetan ez dut uste egin denik.
Domekan ez dago aldaketarik: 11:00etan hasita meza San Baleixo ermitan Gesalibar eta Garagartzako abesbatzekin eta gero Lore Gazteak taldearen dantza emanaldia.
Auzo alkate berria zara. Noiztik? Nola izendatu zintuzten?
Gabonen aurretik hasi nintzen. Bozketa bidez izendatu ninduten eta aldaketaren berri eman genion Udalari. Bilera pare bat izan ditut dagoeneko udaletxean eta nik dakidanez, oraingoz Garagartza eta Meatzerrekan bakarrik aukeratu dira auzo alkate berriak.
Zeintzuk dira zure betebeharrak?
Berria naiz lan honetan eta enteratzen ari naiz. Oraindik ere auzoko baserri guztietan eman behar dut aldaketaren berri, eta badira 20 bat baserri.
Horietako bakoitzaren eskaerak entzuteko asmoa daukat aurrera begira. Oraingoz jaiak antolatzen nahikoa lan izan dugu. Izan ere, lehen aldia da halako ardura bat hartzen dudana; ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara.
EGITARAU OSOA BEHEKO IRUDIAN