Musika eta umorea batzen dituen ikuskizuna, Amaian, domekan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko urtarrilaren 20a

Ron Lala antzerki taldeak Time al tiempo antzezlana eskainiko du etzi, domeka, Amaian, 19:30ean. Musika, antzerkia eta umorea nahasten dituen antzezlana izango da.

Oholtza gainera bost aktore eta musikari igoko dira. Eskainiko dutena esketxak, abestiak eta zenbakiak izango dira, azken finean umorez betetako uneak.

Denbora izango da gaia. "Denbora errealean" izango dela antzezlana azaldu dute; hau da, hamar segundo, ehun egun eta mila urte iraungo duen antzezlana izango da. Izan ere, ikuskizunak denboran zehar ibilaldia egingo du. Alde batetik, munduaren hasiera irudikatuko dute Big Bang Band musika taldearekin. Eta, denboraren bakarrizketa ere egingo dute. Antzezlanak iraungo duen ordu eta erdian denboraren bankaria eta Minutti jaun mafiosoa ezagutuko ditugu, besteak beste.

Zuzeneko musika

Ahotsa, gitarra, perkusioa, haizea, sokak... era guztietako musika instrumentuak erabiliko dituzte antzezlanean, zuzenean. Musikari dagokionez, hainbat musika estilo landuko dituzte: jazz, flamenkoa, hip-hopa, pasodoblea... Musika zuzenean sortuko dute oholtza gainean.
Antzezlaneko esketxak erritmo bizian antolatu dituzte, eta modu egokian lotu dituzte bata bestearen atzetik, haria ez galtzeko. Umore kritikoa eta garratza da taldearen ezaugarria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak