Melani Concepcion: "Orain arte bezala entrenatzen eta jokatzen segituko dut, aurrera egiteko asmoarekin"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko urtarrilaren 19a

Bergaran eta Gasteiz Cup taldeetan ibili ondoren, etxeko taldera, Mondrara itzuli da aurten Melani Concepcion gaztea. Maila ona du jokalariak eta horren erakusle da Euskadi selekzioko Jose Manuel Ocio hautatzaileak deitu izana. Etorkizun polita du arrasatearrak futbolean.

Euskadiko selekzioarekin jokatu zenuen abenduan. Nolako esperientzia izan zen?
Abenduaren 19tik 22ra izan ginen Badajozen. Bi partidu jokatu genituen, eta gurekin batera 18 urtez azpikoak ere egon ziren, eta haiek ere bi partidu jokatu zituzten. Espainiako txapelketako lehenengo fasea jokatu genuen, eta taldeko lehenengo moduan sailkatu gara bigarren fasea jokatzeko. Oso esperientzia polita izan da selekzioarekin jokatzea, eta berriro ere errepikatzeko gogoz nago.

Noren aurka lehiatu zineten?
Extremaduraren eta Kanarien aurka jokatu genuen. Lehen lehia 1-0 irabazi genuen eta bigarrenean 1-1 egin genuen.

Noiz jokatuko duzue bigarren fasea?
Otsail inguruan izango da bigarren fasea, eta, hori gaindituz gero, finala jokatuko genuke. Uda inguruan izango da finala.

Noiz hasi zinen Euskadiko selekzioarekin jokatzen?
Lehenengo aldiz 14 urte nituenean deitu zidaten, baina min hartuta nengoen eta ezin izan nuen jokatu Sevillan. Aurten berriro deitu didate eta oso gustura egon naiz.

Taldean, nongo jokalariak zaudete?
Batez ere, Bilboko jokalariak daude Euskadiko selekzioan; baita Añorga eta Gasteizkoak ere. Hemengo jokalari bakarra naiz.

Espainiako txapelketako sailkapena izan da orain jokatu duzuena. Baina bestelako partidurik jokatzen duzue selekzioarekin?
Bai, lagunartekoak jokatzen ditugu, baina entrenamendu modukoak izaten dira, gertatzeko. Entrenatzaileak deialdia egiten duenean, bi entrenamendu eta bi partidu egiten ditugu, normalean. Azken deialdia egiten du ondoren, eta aukeratutako jokalariak joaten dira txapelketara. Entrenamenduak Gasteizen, Bilbon eta Donostian izaten dira.

Hegalean jokatzen duzu, baina baita erdialdean ere.
Edozein tokitan jartzen naute. Normalean, hegalean jokatzen dut, baina erdialdean ere jartzen naute.

Jokalari moduan, zein da zure indargunea?
Nire ustez, jaurtiketa da daukadan onena. Teknika ona dudala esaten didate, baina jaurtiketa nabarmenduko nuke nik. Abiadura aldetik, adibidez, ez naiz oso azkarra.

Nolako harrera izaten dute Euskadiko selekzioaren partiduek?
Nahiko harrera ona izaten dute, ikusle asko batzen da lehia ikusteko. Badajozen, esaterako, ikurrina asko ikusten ziren, hangoak baino gehiago. Alde horretatik, babes handia izan dugu jarraitzaileen aldetik.

Azaro inguruan, mutilen aurka jokatu zenuten partidu bat Bergaran. Ohikoak izaten dira horrelako lehiak?
Horrelako lehiak egiten ditugu entrenamendu moduan, mutilak gu baino indartsuagoak direlako fisikoki. Fisikoaz gain, taktika ere entrenatzen dugu. Esan behar da entrenamendu modukoak izan arren guk benetako partidu moduan hartzen ditugula horrelako lehiak. Normalean, galdu egiten dugu; Bergarakoen aurka, adibidez, 12-1.

Federazioaren aldetik nolako laguntza izaten duzue?
Erabateko laguntza ematen digute. Guk ez dugu ezer ordaintzen; alde horretatik, mutilen tratu bera izaten dugu.

Mondrako jokalaria zara gaur egun. Aurrez, Bergaran eta Gasteizen jokatu izan duzu. Zer dela eta?
Txikitan, 4 urterekin hasi nintzen futbolean jokatzen Arrasaten. 6 urte bete arte hemen ibili nintzen eta gero Bergaratik deitu zidaten, eta hara joan nintzen. Orain dela hiru urte Gasteizera joan nintzen. Lehen nazional mailan zegoen Gasteiz Cup, baina iaz kategoria galdu genuen. Territorialean jokatzeko Gasteizera joaten ibili beharrean, nahiago izan dut hemen geratu. Eibarrek ere deitu zidan, baina nahiago izan dut hemen geratu.

Maila berria estreinatu duzue aurten. Nola doa denboraldia?
Nik esango nuke ondo doala. Zazpigarren postuan gaude; hala ere, azkeneko partiduak ez dira oso onak izan. Maila berria izateko ondo gabiltza, nik uste nuen okerrago ibiliko ginela, baina taldea aurpegia ematen dabil.

Nolakoak dira zuen aurkariak?
Athletic dago, haien aurka jokatu genuen lehenengo lehia (3-1 galdu). Bilboko taldeak inguruko jokalari onenak hartzen ditu, esan daiteke Bizkaiko selekzioa dela. Onenak dira.

Zein da zuen helburua kategoria honetan?
Mailari eustea da gure helburua. Liga nahiko nahasia da eta nik uste dut ez dugula arazorik izango mailari eusteko.

Oraindik oso gaztea zara. Nora iritsi gurako zenuke futbolean?
Ahal den lekuraino. Nik orain arte bezala segituko dut, entrenatzen eta jokatzen. Euskal selekzioan egoteak ateak irekitzen ditu; adibidez, Espainiako txapelketetan Espainia selekzioko entrenatzaileak egoten dira. Gainera, Mondrarekin bigarren mailan jokatzeak ere ateak irekitzen ditu.

Baduzu jarraitzen duzun talde eta jokalaririk?
Talde onena Bartzelona da. Beti Athleticekoa izan naiz, baina talde moduan onena Bartzelona da, duda barik. Jokalari moduan, adibidez, Xabi gustatzen zait asko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak