Arrasaten halako azken azterketa orain hamar urte inguru egin zen. Bada, Udalak baloratu du orain une egokia dela berri bat egiteko: "Ordutik hona hainbat aldaketa eman dira eta orduko argazkia gaizki fokatua egongo da seguruenik egungo errealitatearekin", uste du Omer Arregi Hirigintza zinegotziak.
Kontuan izan behar da ordutik hona hainbat etxe berri eraiki direla eta gizarte mailan aldaketa asko eman direla: immigrazioa dela, lan mundua, unibertsitateko ikasleek eragiten duten mugimendua...
Beraz, Udalak egungo etxe hutsen egoeraren ahalik eta argazkirik zehatzena atera gura du.
Udalak gidatu, laguntzarekin
Aurrekontuetan partida bat onartu da aurreikusten delako ikerketa gauzatzeko zerbitzu bat kontratatu beharko dela. Laguntza tekniko osagarriren baterako zerbitzua kontratatzea litzateke.
Horrek ez du esan nahi, Arregiren arabera, azterketa osotasunean kanpoko enpresa batek egingo duenik: "Bertako baliabideekin ekingo zaio azterketari, Udalak egun dituen datuak aintzat hartuz. Izan ere, gu izan behar gara lan hori gidatu behar dugunak, lanaren zatirik handiena egin behar dugunak. Argi dagoena da halako ikerketa garrantzitsu bat ez dugula osotasunean kanpoko enpresa baten eskuetan utziko".
Etxebizitza politika zehazten
Esandako moduan, etxe hutsen kopuru zehatza jakin gura du Udalak gauzatuko duen etxebizitza politika zehazteko. Hala, aurten egingo duen azterketa horretako –epe zehatzik ez dute eman– emaitzak baliagarriak izango dira, besteak beste, honako erabaki hauek hartzeko: alokairua sustatzen jarraitzea, zerga gehiago jartzea etxebizitza hutsik daukaten jabeei, etxeen zaharberritzeak bultzatzea… Udalak argi duena da etxe hutsak izatea etxebizitzaren arazoaren parte garrantzitsua direla eta iraunkortasunaren aurka doazela.