Betiko punka Menace, CC-627 eta Interprete Desconocidorekin

Ander Monedero 2012ko urtarrilaren 16a

1977ko Londreseko punk eztandaren taldeetako bat, Menace, Arrasateko Gaztetxean izan zen. Aurretik, baina, ikusleak berotzeko Arrasateko Interprete Desconocido eta Oñati eta Arrasateko kideak dituen CC-627 taldeak izan ziren.

Jaialdian Achtung! talde hernaniarrak ere parte hartu behar zuen, baina abeslariaren bizkarreko lesio baten erruz, ezin izan zuen emanaldia eskaini.

Oholtza gainera igotzen lehenengoak Interprete Desconocido arrasatearrak izan ziren. Talde gazte honek punk eta oi! doinuak lantzen ditu eta kontzertu energikoa eskaini zuen.

Bigarren taldea punk-rocka egiten duen CC-627 taldea izan zen. Nahiz eta kontzertuko protagonista Menace izan, ikusle asko talde hau ikustera joan ziren eta hauek bukatzerakoan ez ziren talde britainiarra ikustera geratu. 77ko punk eztandaren parte  izan zen Menace, baina talde honek ez zuen Sex Pistols, Sham 69 edo The Damned taldeen ospea lortu. Nahiz eta taldeak bere inguruko hainbaten izen handia ez izan, musika estilo hau entzun duten askok ezagutzen dituzte euren abestiak.

Menace etenaldi asko izan dituen taldea izan da, baina Noel Martinek eta Charlie Caseyk hasierako ilusio berdinarekin jotzen jarraitzen dutela esan daiteke. Izan ere, aurreko taldea oholtzatik jaitsi ahala ikusle asko joan ziren gaztetxetik, baina behera etorri beharrean, bertan izan ziren guztiak saltoka jarri zituzten.

Taldeak 2009an kaleratutako No Escape From Nowhere diskoko abestiak jo zituen, baina ez ziren falta izan taldearen kantu mitikoak: GLC, Test of time edo The young ones abestiak. Ezta beraien lehenengo single-a izan zen Screwed Up ere.

Nahiz eta oi! musikaren zaleen artean ezaguna izan, Menacek 77ko punk soinua du. Kontzertu bizi eta azkarra izan zen, 60 minutu inguru iraun zuen eta, bukatzeko, ikusleei reggaea gustuko duten galdetu eta dantzan jarri zituen The Specialsen Monkey Man abestiarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak