The Bird Sax Quartet izena ipini diozue taldeari. Zergatik?
Gustuko dugulako eta, batez ere, Charlie Parkerri omenalditxoa egiteko.
Gazteak zarete, baina taldea sortu duzue. Ze asmorekin?
Ezkontzetan jotzeko asmoarekin, elizan eta jatetxean, bazkaldu edo afaldu aurretik. Dena den, beste ekitaldiren batera gonbidatzen bagaituzte, ez dugu hutsik egingo.
Laurok saxofoia jotzen duzue. Kantuak moldatzea errazagoa edo zailagoa da?
Errazagoa, ezagutu egiten dugulako gure soinua. Errazagoa egiten zaigu soinua entzutearekin batera jotzea. Segituan konturatzen gara abestia ondo doan edo soinua besteekiko moldatu behar den. Bestalde, laukoteendako partiturak eginda daude.
Mario Fernandino irakaslearen laguntza ere baduzue.
Bai, txikitatik ezagutzen gaitu, eta eskerrak eman beharrean gaude.
Ze musika mota egiten duzue?
Ezkontzetan ohikoak diren kantuak joko ditugu. Dena den, orain arte, oso bestelako emanaldiak egin ditugu, eta errepertorioa moldatu egin dugu.
Hasi zarete kontzertuak egiten?
Oraindik ez. Zailena egin dugu: taldea osatzea. Orain dela hilabete inguru egin genuen aurkezpena Elgetan, Alai taldearen gonbidapenari esker. Ilusioa daukagu, eta laster hasiko gara enkarguak hartzen. Gu irrikaz gaude, behintzat.
Nondik datorkizue musikarako zaletasuna?
Batez ere, familiarengandik. Txikitatik jotzen dugu saxofoia, elkarrekin ikasi eta sakondu dugun instrumentua da. Urteak pasa ahala zaletasuna aberastu egin da, taldea sortu dugun arte.
Arrasate Musikalen diharduzue. Zer moduz?
Arrasate Musikalek eman zigun musikarekin lehen hartu-emana izateko aukera. Txikitan hasi ginen, eta elkarrekin segitzeko aukera dugu. Hainbat taldetan hartzen dugu parte –Arrasate Musikaleko Banda eta Big Band– eta oso gustura gaude. Azkenean, musikarako loturak sortzen dira, eta hori oso polita da. Irakasleek eta Arrasate Musikaleko kideek familia handia osatzen dugu.
Musikak ematen duenarekin bizi izateko asmorik badaukazue?
Nork bere bidea egin du, eta saxofoia zaletasuna da guretzat. Ez gara profesionalak, gustuko dugulako jotzen dugu saxofoia, eta bide horretatik segitzeko asmoa dugu.
Ze musika eta talde dituzue gustuko?
Iban: Ska eta rocka; besteak beste, Betagarri. Mariñe: Gehienbat, rocka, baina denetarik entzuten dut eta talde gogokoena Extremoduro da. Alaiñe: Musika guztiak atsegin ditut: Ken Zazpi, Gatibu, El Canto del Loco, Coldplay... Ane: Estilo guztiak atsegin ditut. Badira talde edo kantu batzuk pertsona edo momentu jakin batzuk gogora ekartzen dizkidatenak: The Beatles, Queen, Fito, John Mayer...
Baduzue beste zaletasunik?
Alaiñe: Abestea, euskal dantzak eta argazkilaritza. Iban: Bidaiatzea eta lagunekin parrandan irtetea. Marina: Bidaiatzea eta boleibolean jokatzea, baina, ikasketak direla-eta, nahi baino denbora laburragoa daukat. Ane: Gurasoekin bidaiatzea eta hizkuntzak; orain, alemana ikasten hasi naiz.