DVDan, abesbatzaren historia
20 urtez kantuan lanak DVDa eta CDa ditu. DVDan, Goikobaluko parte izan direnen testigantzak jaso dituzte. Besteak beste, 1989an Goibakolu sortu zuten Jesus Mari Arce, Jose Ignazio Agirre Txito, Eugenio Etxebeste, Joaquin Etxeberria eta Xabier Bengoa agertzen dira. Baita lehenengo zuzendari izan zen Luis Ignazio Ruiz de Alegria Jimmi-ren testigantzak ere (Jimmi-ren aurretik Markaide izan zen zuzendari hilabete batzuetan).
DVDan hiru zati bereiz daitezkeela dio Juan Mari Barriocanalek, Goikobaluko presidente ohiak: "Alde batetik, Arrasateko herria kokatzen dugu, eta herrian garrantzia izan duten hainbat enpresaren berri ematen dugu". Bestalde, Goikobaluko historia azaltzen dute, eta, horretarako, goian aipatu ditugunen testigantzak erabili dituzte. Azkenik, gaur egun Goibakolu egiten dabilen Santiago bidearen berri ematen dute.
"Sorrerari dagokionez, kontatzen dute zelan 1989an Arce orduan zinegotzi zen Bengoarengana joan zen ideiaren berri ematera", dio Rakel Murgiondok, Goikobaluko kideak. SUDC elkartearen eskutik etorri zen abesbatza sortzeko ideia eta deialdiak arrakasta handia izan zuen: 100 lagunek baino gehiagok eman zuten izena, gehienak gazteak.
Diskoan, euskarazko abestiak
Diskoak 20 abesti jasotzen ditu, denak euskaraz abestuak: "Hori horrela egiteko ados geratu ginen", dio Murgiondok. Zina –M. Matamorosen musika– eta Flying Pickets taldearen Laztana Jose Mari Ganboak euskaratutako bertsioak dira. Abestiak Bedoñako elizan grabatu zituzten: 2010eko azaroan egin zuten lehenengo grabazioa; 2011ko uztailean nagusiek grabatu zuten; gazteek 2011ko maiatzean; eta txikitxoek 2011ko irailean egin zuten grabazioa, haiek Kulturaten.
Gaur egun lau talde daude Goikobalun, eta 150 lagun inguru.
Mugarri izan direnak
1989an arrakasta handiz hasi zuen ibilbidea Goikobaluk: "Musikan ondo prestatutako jendea zen, Arrasate Musikalen ikasitakoak, kantu eta musika ikasketak zituztenak. Obrak azkar prestatzen zituzten", dio Murgiondok. Lehenengo urteetan San Vicente de la Barqueran lehenengo eta bigarren sariak irabazi zituzten. "1997an Iñaki Maidaganek hartu zuen zuzendari kargua eta ardura zen hasierako ilusioa eta giroa mantentzea", azaldu du Murgiondok. Ondorengo urteetako emaitzek erakutsi zuten maila mantentzeko gauza izan zirela: "1997an Ciezara joan ginen eta lehenengo saria irabazi genuen, eta 2006an Madrilen ere saria jaso genuen", gogoratzen dute Barriocanal eta Murgiondok.
Urte hauetan guztietan hainbat mugarri izan ditu taldeak: 1991n Galesen izan ziren; 1998an Argentinan; 2003an Erromako San Pedro basilikan abestu zuten; eta 2006an berriro ere Argentinara joan ziren.
Santiago bidean, aurrera
Gaur egun Santiago bidea da Goikobalukoen egitasmo nagusia. "Bihar eta etzi zortzigarren eta bederatzigarren etapak egingo ditugu: Fromista eta Carrion de los Condes herrietan, Palentzian", dio Barriocanalek. Orreagan hasi zuten ibilbidea eta, besteak beste, Iruñean, Lizarran, Santo Domingon eta Burgosko katedralean abestu dute. Euren asmoa Santiagoko katedralera iristea da.