Memoria historikoa "errespetatzeko" jaialdia gaur Amaia antzokian

Mireia Bikuña 2012ko urtarrilaren 13a

Noiz arte justiziarik gabe? delako jaialdia izango da protagonista gaur, egubakoitza, Arrasateko Amaia antzokian, 20:00etan. Sarrera doan da eta oholtza gainera igoko dira Gerrako ipuinak liburu-CDan parte hartu duten musikari gehienak. Hain zuzen ere, Anger; Gose; Ain_1; Andoni, Petti eta Eñaut; Iker Fernandez eta Oscar Manso; Musiraka dantza taldea; eta Domentx Uzin, Juan Fernandez eta Eider Varela.

"Memoria historikoa errespetatzea ezinbestekoa da askatasunez bizitzeko, zauriak ixteko eta etorkizuna sendotzeko", esan digu Intxorta 1937 elkarteko kide Juan Ramon Garaik. Aldarri hori egiteko erabiliko dute jaialdia, herritarrak sentsibilizatzeko. "Herritar guztiak daude gonbidatuta. Ekitaldi hunkigarria izango da", gaineratu du.

Ekitaldia Osintxuko Musiraka dantza taldeak hasiko du Mozarten Requiem batekin. "Jaialdirako propio egindako dantza da. Ikurriñak eta Errepublikako banderak erabiliko ditugu dantza egiteko. Bigarren dantza bertso batzuekin moldatu dugu, eta Soraluzeko musikari batzuen laguntza izango dugu: kantuan, gitarrarekin eta kaxa flamenkoarekin", esan digu Musiraka taldeko Amaia Agirrek.


Musiraka taldekoekin taula gainean egongo dira Domentx Uzin, Juan Fernandez eta Eider Varela.
Musika taldeei leku egiten dioten bitartean, Xarma taldeak Gerrako ipuinak liburu-CDrako idatzitako Isiltasun hautsia kantuaren doinuak ipiniko dituzte, eta Elgetako irudiekin osatutako bideoklipa emango dute.

Talde bakoitzak hiruna kantu

Segidan, Ain_1; Andoni, Petti eta Eñaut; Gose eta Anger igoko dira Amaia antzokiko taula gainera. Talde bakoitzak hiru kantu eskainiko ditu. Ain_1 taldeak Amantalen ahotsa ikuskizunerako propio sortutako abestia ekarriko du Arrasatera.

"Uste dugu Amantalen ahotsa ikuskizunerako egindako kantua oso aproposa dela jaialdirako. Gerra berdinaren gainean egiten dugu berba, baina guk emakumeen ikuspuntutik. Ez genuen Gerrako ipuinak proiektuan parte hartu, eta hauxe da guk egiten dugun ekarpena", esan digu Iraitz Agirrek.

Bukatzeko, Anger

Segidan Andoni, Petti eta Eñaut eta Goseren txanda izango da. Biek ala biek hiruna kantu joko dituzte, tartean Gerrako ipuinak liburu-CDrako sortutako kantuak.

Noiz arte justiziarik gabe? jaialdia Anger taldeak itxiko du. Arrasatearrek hiru kantu joko dituzte, bi euren diskokoak eta hirugarrena Gerrako ipuinak libururako egindakoa. "Emanaldi interesgarria izango da, ez delako ohiko kultura ekitaldia. Garai batean gure herriak bizitakoa oinarri duen emanaldia izango da, polita", esan digu Anger taldeko kide Arkaitz Biainek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak