Blanca Roncal: "Uarkape frontoiaren kontra egon ginen, garestia zelako; eta ez ditu bete orduan aurreikusitako helburuak"

Mireia Bikuña 2012ko urt. 11a, 16:51

Blanca Roncalek (Auritz, 1950) 12 urte egin zituen zinegotzi Arrasateko Udalean. "Urte gogorrak" izan zirela dio eta, batez ere, gogoan ditu Miguel Angel Blanco eta Isaias Carrasco hil zituzteneko egunak. Egun, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea da.

Hiru agintalditan izan zinen Arrasateko zinegotzi. Ze oroitzapen dituzu?
Oro har, urte gogorrak izan ziren, une latzekin. Orduan, eta gaur egun ere bai, oso zaila zen abertzalea ez den  PSE-EE-PSOE bezalako alderdi politiko baten alde lan egitea, eta are gehiago Arrasaten. Dena den, Arrasatera heldu nintzenean herritarren alde egin genuen lan. Eta orduan hasitako bideari esker heldu naiz egun nagoen lekura: herritarren alde lan egitearren.
Urte latzak izan ziren. Osokoak oso gogorrak izan ziren. Gainera, gizartea zatitu egin zen, ezker abertzaleak terroristak babesten zituelako eta alderdi nazionalistek beste alde batera begiratzen zutelako.

Zeintzuk izan ziren une gogorrenak?
Duda barik, eta batez ere, nigan, pertsonalki eragin handia izan zuelako, Miguel Angel Blancoren eta Isaias Carrascoren erailketak. Urte haietan beste hainbat erailketa egon ziren, baina gertutasunagatik eta nolako erailketak izan ziren ikusita, bi horiek aipatuko nituzke.
Bestalde, gogoan dut Blancoren erailketaren ondoren, orduko alkate Xabier Zubizarretaren kontrako zentsura mozioa onartu zela erailketa ez gaitzesteagatik. Batasuna Udal Gobernutik bota genuen. Une haiek ere zailak izan ziren.

Nolako hartu-emana izan zenuen gainerako alderdiekin, zinegotziekin?
Elkarbizitza gogorra izan da une askotan. Ni adostasunak bilatzearen aldekoa izan naiz, eta naiz. Guztiok ezagutzen ditugun arrazoiengatik, gainerako alderdiekin hartu-eman ona izatea oso zaila izan zen.

Proiektu asko egingo zenituzten. Zein azpimarratuko zenuke?
Uarkape frontoia aipatuko nuke. PSE-EE proiektuaren kontra egon zen. Oso garestia zen eta, gainera, lanek arazo asko sortu zituzten. Esango nuke Uarkaperekin aurreikusita zituzten helburuak ez direla bete, inondik inora. Ez  ditu bete ez helburu ekonomikoak, ezta kirol helburuak ere.
Bestalde, aipatuko nuke EAJrekin Udal Gobernuan egon ginenean hirigintzako proiektu asko desblokeatu genituela. Gainera, orduan, Udalaren egoera ekonomikoa ona zen, eta horrek aukera eman zigun hezkuntza publikoa sustatzeko ekintzak antolatzeko.

Arantzarik geratu zaizu?
Herriarendako proiektuak aintzat hartuta, esango nuke ezetz. Ez daukat arantzarik. Politikaren oinarria negoziazioa da, eta horretan dihardute PSE-EEko Arrasateko zinegotziek.

Arrasatetik Oñatira egin zenuen salto zinegotzi izateko. Politikaren beharra daukazu?
Ni beti egon naiz prest PSE-EEren beharretarako. Oñatiko zerrendan nire beharra zutela jakin nuenean, ez nuen bitan pentsatu. Urte batzuetan inork ez zuen alderdi sozialistaren zerrendako kide izan gura, beldurragatik. Gaur egun ere oso zaila izaten da hauteskundeetako zerrendak osatzea.

Zer moduz Oñatin?
Agintaldi bakarra egin nuen han, baina oso oroitzapen onak ditut.

Ezberdina da Arrasaten edo Oñatin zinegotzi izatea?
Ezberdintasun nabariena lan kargari dagokiona da. Arrasaten lan handiagoa nuen. Bestalde, zailagoa zen Arrasaten lan egitea.

Nola heldu zen Blanca Roncal politikara?
Arrasaten hasi nintzen. Debagoieneko Ospitalean egiten nuen lan, eta ikusi nuen nola mespretxatzen zituzten abertzaleen ideiak ez zituzten herritarrak. Hori ikusita, PSE-EEra afiliatu nintzen, eta ondoren zinegotzi kargua hartu nuen Arrasaten, eta gero Oñatin. Esango nuke ideologia kontuan hartuta sartu nintzela politikan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak