Udalak erosi duen ekipamendu digitalari berriari esker 35mmko proiekzioez gain, proiekzio digitalak ere eman ahalko ditu aurrerantzean Arrasateko Amaia antzokiak . Honek hiru dimentsiotako pelikulak eskaintzeko aukera emango du.
Pelikula berrienak herrian
"Modernizatzea, teknologia berriekin bat egitea eta jendea pelikulak ikustera Donostira edo Gasteizera joan beharrean, herrian geratzea lortu gura izan dugu aldaketarekin" esan du Kepa Urteaga Udaleko kultura zinegotziak hedabideendako egindako aurkezpenean.
Digitalizazioak gainera, pelikulez gain beste ikuskizun batzuk eskaintzeko aukera ere ematen du Urteagak berak azaldu duen legez: "Digitalizioari esker, satelite bidez edo internetez lortutako irudiak emititzeko aukera dakar. Horrela, esaterako posible izango litzateke Milanen ematen ari diren opera bat Amaia antzokiko panatila handian ikustea".
Garestiago
Digitalizaziorako urrtas honek, BEZik gabe 90.000 euro inguruko kostua izan du eta Eusko Jaurlaritzak 13.000 euroko diru laguntza eman du. Sarreren prezioetan ere izango du eragina eskaintza zabaltzeak.
Bi dimentsioetako pelikuletan prezioa berdin mantenduko da, baina hiru dimentsiotako formatua dutenen kasuan, euro bat igoko da sarrera. Hala, Umeen emanaldiek 4 euro kostatu beharrean, 5 kostatuko dute pelikulak hiru dimentsiotan emanez gero. Gainerako emanaldietan, sarrerek 5 euro kostatu beharrean, 6 euro kostatuko dute.
Betaurrekoei dagokienez, ikusleek ez dute erosi beharrik izango: emanaldi hasieran banatuko dira, eta pelikula amaitzean, bueltatu egin beharko dira.
Hurrengo filmak
Amaia antzokian eskainiko dituzten ondorengo hiru filmak, hiru dimentsiotan ikusi ahalko dira. Hala, asteburuan hiru dimentsiotako formatuan emango dituzte umeendako den La gran aventura de Winter pelikula eta baita Immortals ere. Datorren asteko zineklubeko filma ere, Pina dokumentala, hiru dimentsiotan emango dute.
Urtarrileko kultur egitaraua
Ekipamendu berrria aurkezteaz gain, urtarrilerako antolatutako kultur ekitaldiak ere aurreratu dituzte Udaleko ordezkariek. Zinema izango da protagonista nagusia, baina egongo da bestelako ikuskizunik ere.
- Egubakoitz honetan bertan, hilaren 13an, Noiz arte justiziarik gabe? izeneko jaialdia egongo da.
- Urtarrilaren 22an Ron La Lá taldeak Time al tiempo antzezlana eroango du taula gainera.
- Urtarrilaren 27an Loquillok kontzertua eskainiko du antzokietan egiten ari den biraren barruan.