Jon Etxebarria eta Maite Otxoa: "Gazteak xaxatu nahi ditugu, bakoitzak lan egin dezan interesatzen zaion esparruan"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko urt. 11a, 01:00

Bagara egitasmoak Herrigintza Gaztea jarri du abian, bigarren aldiz. Bailara osoko gazteei zuzendutako ekimena da eta herrigintzan jantzi eta eragitea du helburu. Urtarrilaren 11n, eguaztenean, hasiko dituzte saioak.

Zer da Herrigintza Gaztea?
Jon Etxebarria: Bagara egitasmoaren barruan dagoen talde bat da. Saio batzuk egiten ditugu bi astean behin Bagara egitasmoaren ildoen inguruan: izan daiteke euskalduntasuna, autoeraketa, iraunkortasuna eta elkartasuna. Horien inguruan aritzen gara eta esperientzia ezberdinak partekatzen ditugu.
Maite Otxoa: Formazio ezberdinak jasotzen ditugu, baina beti ez dira formazio eskolak izaten, solasaldiak ere izan ditugu.
J.E.: Kanpotik datorren pertsona batekin izaten dugu solasaldia. Izan daiteke unibertsitateko irakaslea, gaztetxe bateko kidea, euskalgintzan dabilen norbait… Gugana etortzen dira eta solasaldia izaten dugu. Bi astean behin izaten dugun dinamika da.

Norendako da ekimena?
J.E.: 18 eta 30 urte arteko Debagoieneko gazteendako, baita debagoienendarrak ez izan arren Debagoienean bizi direnendako ere. Adin muga gutxi gorabeherakoa da, gaztetxoagoak edo nagusitxoagoak ere etor daitezke. Izan ere, hemen ikasle asko bizi dira, eta haiek ere etor daitezke.

Parte hartu gura duten gazteek nora jo behar dute?
M.O.: Bada, gazteak@bagara.net helbidera idatz dezakete, edo Bagarako telefonora deitu. Iaz bagaraherrigintzagaztea.wordpress.com ataria sortu genuen, eta han informazioa jasotzeko modua dago. Eguaztenean, urtarrilak 11, hasiko dira saioak, eta bi eguaztenean behin izango dira.

Aurtengoa bigarren edizioa izango da. Nolako balorazioa egin zenuten lehenengo edizioan?
M.O.: Oso ondo joan zen. Talde polita sortu genuen. Hasieran jende asko etorri zen eta gero 15 bat laguneko taldea egin genuen. J.E.: Asmoa da bailarako herri guztietara zabaltzea. Iaz, Arrasate, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Antzuolako lagunek parte hartu zuten eta badakigu aurten Oñati eta Bergarakoak ere etorriko direla.

Ondorioak zeintzuk dira?
M.O.: Orokorrean, gustura geratu ginen. Ez genekien zelan irtengo zen, eta gustura gaude. Formazio saioak ondo joan ziren eta aukeratutako gaiak interesgarriak izan ziren.
J.E.: Hurbileko gaiak izan ziren; euskalgintzaren inguruan berba egin genuen, esate baterako. Gazteok egunerokotasunean euskararekiko dugun jarrera aztertu genuen.
M.O.: Gazteon egungo errealitatea ikuspegi kritikotik ere aztertu genuen, eta horri buelta zelan eman ere aztertu genuen.
J.E.: Lehenengo edizioa izanda, esperientzia moduan egin genuen, Saio teoriko esperimentalak egin genituen eta asmoa zen, ahal izanez gero, zerbait praktikoa ere egitea. Guk ekoiztutako zerbait egin gura genuen, eta aurten ere asmo hori dugu.
Bailarako jende ezberdinarekin sortutako hartu-emana izan da polita.

Zein da Debagoieneko gazteen errealitatea?
J.E.: Gazteen errealitatea ikuspegi kritikotik aztertu genuen lehenengo saioan. Ariketa polita egin genuen EGK-ko koordinatzaileekin. Lau oinarri hartu genituen, aisialdia, hezkuntza, lana eta etxebizitza, eta nork bere kezkak azaldu zituen. Euskal Herriko edozein herritan eginda ere, kezkak antzerakoak izango liratekeela uste dugu.
M.O.: Etxebizitzaren gainean gazteek dituzten kezkak azaldu zituzten; adibidez, asko eraikitzen dela, baina alokairua ez dela sustatzen.
J.E.: Aisialdiaren gainean ere jardun genuen. Gaur egungo aisialdia kontsumora bideratuta dago, eta horrek asko kezkatzen gaitu. Guk ere aisialdi mota hori kontsumitzen dugu, baina ikusten dugu beste aisialdi mota bat sustatu beharko litzatekeela.

Zein da herrigintzaren egoera gazteen artean?
M.O.: Ezertan inplikatzen ez diren jende dezente dagoela uste dut eta horrek arduratzen nau. Gainontzekoei bezala horiei ere esango nieke Herrigintza Gaztea jantzi eta elikatzeko aukera bikaina dela, eta aukera hori aprobetxatzeko. Finean, Bagara horretarako sortu da, bailarako dinamika aldatzeko.
J.E.: Nik uste dut jendea badagoela lanean. Pasiboak diren gazteak egon arren, badaude esparru ezberdinetan lan egiten duten gazteak. Guk gazteak xaxatu nahi ditugu, bakoitzak lan egin dezan interesatzen zaion esparruan. Herrigintzak esparru asko batzen ditu: politika, kultura, linguistika… esparru asko daude lan egiteko.
Iaz jorratu ziren gaiak blogean daude ikusgai. Hiru orduko saioak izaten dira gehienez, eta doan. Nabarmendu gura duguna da oso saio interesgarriak izaten direla, nork bere burua janzteko oso egokiak. Ez da egunero horrelakoak entzuteko aukerarik izaten.

Hizkuntzaren ekologiaz berba egin zenuten. Nolako jarrera dute gazteek euskararekiko?
J.E.: Etorri den jendea kezkatuta dago, garbi dago-eta errealitatea zein den. Inguruan gaztelania mordoa entzuten da.
Herrigintza Gaztera etorri  ziren gazteak kezkatuta daudela argi dago. Bagararen ardatzetako bat euskalduntasuna baldin bada, atzean kezka bat dagoelako da. Garai baten beste jarrera bat zegoen euskararekiko: 80ko hamarkadan bultzada izugarria eman zitzaion euskarari; elkartasuna ere handiagoa zen… gaur egun, hori aldatu egin da; iraunkortasunari dagokionez ere ikusi besterik ez dago ze norabide hartu duen bailarak, berdetik grisera pasatu gara.

Etorkizuna zelan ikusten duzue?
M.O: Ondo, bailara mailan hobera egingo dugun esperantza eta ilusioa daukat. Ezin daiteke emaitza berri bat espero beti gauza bera egiten bada. Kasu honetan proiektu indartsu baten alde apustua egin da eta epe luzera bada ere fruitu positibo eta indarberritzaileak lortuko ditugula uste dugu. Hori da gure esperantza eta ilusioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak