Tobera ikusi zutenek "beste bat, beste bat!" eskatzen dute

Jon Berezibar 2012ko urtarrilaren 10a

Arrasate errudun, horrek ez du bueltarik toberaren ostean, baina "sasi-epaiketak", bertan epelak eta bi esan eta gero, utzi bide du arrastoa. Amaia goraino bete zuten ikusleak irribarrea aurpegian atera ziren antzokitik eta taula gainekoak zein atzekoak ere ezin harroago egon daitezke lan bikainarengatik.

Kontu zahar eta berriekin herritarrak xaxatzea zen helburuetako bat eta batutako iritzi sortan behintzat ikusten da toberak komentarioen soka ekarri duela. Ohitura hartu beharra dagoela diote guztiek eta errebantxa egarria ere badago.

Tobera gehiago

Pozik aldi berean, Bagara egitasmokoak. Arkaitz Bian kideak garbi ikusten du toberak ibilbidea badaukala "lehen saiakerak izan duen harrera ona eta gero". "Ze maiztasunekin" ez dakite oraindik, baina "egingo dela, bai". Bagara bertako kulturgintzako sustapen taldeko proiektuetako bat izan da herri-antzerkia  eta herritarrak herriarentzat ibili dira lanean. Helburua beteta hortaz.  

"Kultura sorkuntza astindu eta, aldi berean, gizartea ere xaxatzea bilatzen zen", dio Biainek eta uste  du "ukitu direla zenbait gai modu sanoan eta jende askok iritzi horiek entzuteko aukera izan" duela. Entzun, eta gustatu, iritsi zaizkien iruzkinak "positiboak" izan dira-eta Bagarako kideak nabarmentzen duenez.

-------------------------

Kepa Urteaga (Arrasate): "Oso dibertigarria eta batez ere, geure buruez barre egiteagatik, komenigarria iruditu zitzaidan. Nik akusazioari zentzu larregi ez nion ikusten eta ez nuen espero errudun ateratzea. Arizmendiarrieta bizikletarekin irten zen unea mundiala iruditu zitzaidan. Arrakasta izan zuen proposamenak eta horrek poztu egin ninduen; jendez topera egon zen eta gustura gainera. Lehenengo pausua eman da eta ez dut zail ikusten jarraitzea".

Juan Martin Elexpuru (Bergara): "Ideia bikaina iruditu zait tobera egitearena eta interpretazioa eta eszenaratzea ere oso onak izan ziren, batenaz beste. Bestalde, gidoia motel samarra egin zitzaidan, ez oso literarioa, topikoak gehiegi errepikatzen ziren eta argumentuaren hariak ez zuen aurrera egiten. Horrekin batera, hizkuntza gehitxoago zaindu biharko litzateke; esaterako, pertsonai batzuk eten barik jotzen zuten gaztelaniara grazia egin nahi zutenean".

Itxaro Artola (Arrasate): "Antzezpenean sekulako lana egon zen eta emaitza polita izan zen baita mondrautar moduan pipertuta nago han esan zirenekin eta gure defentsa 'ultrasurrealista' horrekin. Otxoteari, hori bai, chapeau, momenturik politena Mondra, mondra abestu zutenean izan zen. Hala ere, epaiari nik buelta ematen diot eta Arrasaten, ondo ala txarto, zenbat gauza egin diren ikusteko balio izan zuen eta Bergaran azken 60 urteetan gutxi egin dutela".

Joxe Arantzabal (Arrasate): "Ni pozik atera nintzen baina Arrasateko defentsa ahul xamarra iruditu zitzaidan eta nabarmenegi geratzen zen, agian, Arrasate kondenatu egin behar zutela. Hala ere, lehen saiakera izanda eta toberak gurean tradiziorik ez duela jakinda, ohitura finkatzeko lehen urrats moduan balio dezake. Jokoa zabaldu daiteke bailarako beste herrietara. Arrasate eta Bergara baino, nik gehiago ezagutu dut Arrasate eta Aretxabaleta arteko ika-mika, adibidez".

Larraitz Arando (Aretxabaleta): "Betiko kontuak argi eta garbi esan ziren. Aretxabaletarren ordezkaritza mundiala izan zen! Aretxabaletak ere erraz izan dezake bere tobera: Aramaiorekin Untzilla, Eskoriatzarekin Gellao eta Oñatirekin Urrexolan dago saltsa. Baina nik hortik zehar gehien entzun dudana izan da hurrengoak izan behar duela herri guztiak Oñatiren kontra. Gustatu zitzaidan nola exageratu zuten bergararren dotorezia eta arrasatearren pasotismoa".

Unai Azkarate (Bergara): "Jende piloa egon zen, oso pozgarria da hori eta etorkizuna ikusten diot. Bergarak irabazi arren, musikari moduan esan behar dut Arrasatek egurra eman zuela otxotearekin eta orfeoiak baino hobeto abestu zutela eta Mondra, mondra momentua ikaragarria izan zen. Bergara-Antzuola bat egin beharko litzateke eta Oñatirekin ere beste bat, azken urteotan eman duen aldaketa itzela erakutsiz, adibidez".

Uxue Zabaleta (Bergara): "Barre asko egin nuen baina lehengo kontu zaharrak dira, nik uste dut gaur egun herri guztiek gero eta antz handiagoa dutela elkarren artean, diferentzia gutxi ikusten dut nik; Bergaran, Arrasaten eta Oñatin asko ibilitakoa naiz-eta. Arrasatekoak punky bai baina pasota– ez kañero–, hala nituen epaiketan. Onena, epailearen idazkaria; hori gustatu zitzaidan gehien. Saltsa nahikoa dago honekin jarraitzeko nahi izanez gero".

Edorta Arana (Leintz Gatzaga): "Txalogarria da egitasmoa eta ikusi  da umore, kritika eta ondo pasatzeko gogoa badagoela eta espero dut gehiagotan egitea. Formatua oso egokia da baina amateur ikuspegi hori gainditu eta sendotasuna eman behar zaio batez ere gidoi kontutan, erritmoa eta ulermena puntu batzuetan galdu egiten zen-eta. Egitasmo oso polita da eta umore zorrotzagoa eta gatz eta piper gehiagorekin, ikuspegi kritikoago batekin, asko irabaziko du".

Joxe Mari Muxika (Arrasate): "Errealitate baten isla ipini zuten mahai gainean. Niri berehala pasatu zitzaidan eta bai tonoa eta baita ere komentarioak, txukunak izan ziren. Kooperatibismoaren humanismoaren galeraren kritika onargarria iruditzen zait baina aipatu ez ziren beste balore batzuk ere badaude, jabetza kolektiboa, kasu. Hori esango nuke nik defentsan. Epaia bera nik ikusten dut txantxa moduan, akusazio bat baino. Tobera errelitate batzuen kritika egiteko forma polita".

Leire Lardizabal (Arrasate): "Herrien arteko ika-mika sano horrekin jolasteko modu oso ona iruditu zait eta asko gustatu zitzaidan herrien arteko loturak indartzeko balio du-eta. Uneren baten edo beste, arrasatear moduan oholtzara defentsan igotzeko gogoa piztu zitzaidan eta unerik hunkarriena izan zen otxoteak Mondra, Mondra abestu zuenean. Antzuolar batek baino gehiagok eskaini zuen bere burua Bergararen aurkako akusazioan laguntzeko gero!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak