Javier Bengoa eta Jose Angel Barrutiabengoa bazkide historikoak izan dira aurkezpenean, eta eurekin batera, besteak beste, Arantza Otaduy historialaria, Juan Ramon Garai Intxorta 1937 kultur elkarteko kidea eta Iñigo Arregi eskultorea. Javier Bengoak bi hitzetan azaldu digu elkartearen helburua: "Izenak berak dioen moduan, Arrasateko ondarea mantentzea eta eguneratzea da gure helburu nagusia".
Otaduyk, bestalde, oraindik ere "talde txikia" direla dio: "Bost bat kide gara ia egunero batzen garenak eta beste zenbait ere badaude. Hala ere ateak zabalik ditugu edonorendako: gaian adituak, interesdunak eta edozein herritar dago gonbidatuta gurekin bat egitera". Arrasate Zientzia Elkartearekin bat egiteko hiru bide daude: e-postaz –arrasatezientziaelkartea@gmail.com–, euren blogean edo ireki duten facebook kontuan.