Sexualitatea eta erotismoa: ondo zaindu beharreko landareak

Asier Alkorta 2012ko urt. 6a, 01:00

"Maitale on bat ez da jaiotzen, egin egiten da". Esaldi horrek badu antz handia bestelakoetan entzun izan dugun esaldiarekin: "Inor ez da jakinda jaiotzen; ikasi egiten da". Eta bizitzan horrela den neurrian, sexuan ere berdin-berdin gertatzen da. Nork bere sexualitatea aurkitzeko, jolastu, ausartu eta gozatu egin behar dela diote adituek.

Abendu erdialdean, hori guztia mahai gainean jarri zuten Ekin Emakumeak elkarteak sexualitatearen eta erotismoaren gainean antolatutako hitzaldi-tailerrean. Kulturateko aretoa handia zen, baina, gaia zein zen jakinda, di-da baten bete eta berotu zen. Manex Rekarte La Jugueteria jostailu sexualen dendako arduradunaren gidaritzapean, herritarrek sexualitateaz eta, oro har, erotismoaz berba egin zuten.

Hitzaldi-tailerra zenez, hara joan zirenek ere Rekartek proposatutako jolasetan parte hartu zuten, lotsakor hasieran, eta zertxobait lasaiago bukaeran. "Hitzaldi honen helburua etxera zertxobait gehiago ikasita joatea da", esan zuen Rekartek hasiera-hasieratik. Sexualitatea natural bizi izateko, ostera, horren gainean berba egin behar dela gaineratu zuen jarraian. "Zenbat eta gehiago hitz egin sexuari buruz, orduan eta normalagoa izango da. Bien bitartean, sexuaz berba egiterakoan, beti txisteren bat entzuten da".
Sexualitatearen aberastasuna nork bere gorputzari egiten dion azterketaren araberakoa dela esan zuen. "Nork bere gorputza ezagutu behar du. Eta sexualitatea ere horren arabera aberasten da. Zenbat eta gehiago ezagutu gorputza, sexualitatea orduan eta aberatsagoa izango da".

Izan ere, sexualitatea eta erotismoa altxorra direla dio Rekartek. "Sexuan hasierako sua galdu egiten da. Baina hori aberasteko, praktikatu eta ikasi egin behar da. Sexua eta erotismoa landareak bezala dira, ura bota behar zaie hazten eta handitzen joateko".

Praktikak eta gustuak
Sexuaren munduan barneratzeko eta ikasten segitzeko bide horretan, ostera, pertsonok mugatu egiten gara. "Askotan, guk geuk mugatzen dugu gure sexualitatea. Ez dugu nahi izaten ohikotik irten, eta hori arrisku bat da. Ausartu eta arriskatu egin behar da". Horretarako, aldiz, komunikazioa landu beharreko tresna dela dio Rekartek. Guztira, mundu osoan, 220 praktika sexual daude katalogatuta, eta askok diote horietako batzuk inoiz ere ez lituzketela egingo. "Sadoa inoiz probatuko zenuke?'. Hori galdetuta, lehenengo eta behin ezetz erantzuten du batek. Baina bikotekideak noizbait ipurdiko txiki bat ematea gustatuko litzaiokeen galdetuta, baietz erantzuten dute. Askotan, aurreiritziak ditugu, eta horien gainetik landu behar dugu sexualitatea, horiei aurre eginda".

Komunikazioa garrantzi handikoa dela behin eta berriz errepikatu zuen Rekartek. "Harreman batek zintzotasunean oinarritu behar du, eta, ondorioz, bikotekideari esan egin behar zaio zein praktika sexual egitea gustatuko litzaigukeen. Gero, beste kontu bat da hark nahi ez izatea, baina, hasiera baten, esan egin behar da". Normaltasunetik ateratzen den edozerk "deskolokatu" egiten gaituela ere gaineratu zuen. "Horiei guztiei aurre egiteko, komunikazio ona da gakoa". Dena dela, euskaldunok alor horretan zailtasun bat daukagula esan zuen. "Euskaraz sexuari buruz hitz egitea zaila da, gaztelaniaz ez da horren arraroa, baina euskaraz, oraindik orain, hutsune asko ditugu".

Kristautasuna, oztopoa
Bestetik, kristautasunak sexuari eta erotismoari kalte handia egin diola dio Rekartek. "Gizonezkoen kasuan ezberdina da, baina, emakumeei dagokienez, kristautasunak gerritik behera dagoena bekatu gisa izendatu zuen. Horrek kalte handia egin du; emakumeei, batez ere". Horri ere garrantzi handia ematen dio La Jugueteriako arduradunak: "Lehenengo eta behin, nork bere sexualitatea ondo ezagutu behar da. Bestela, nola emango digu beste batek plazera?".

Jostailu sexualak
Bada, hizketan denboratxo bat eman eta han batutakoak lasai zeudela, jostailuen txanda heldu zen. Orduan, aretoko tenperaturak gora egin zuen. "Jostailuek ez dute hitzik egiten, ez dira kexatzen... ikaragarriak dira". Kontsoladoreak, bibragailuak, labaingarriak eta bestelako bitxikeriak mahairatu zituen Rekartek. Bakoitzak zuen funtzioa azaltzeaz gain, bertaratutakoei pasatzen zizkien jostailuak, guztiek ukitu eta gertutik ikusi eta ezagutzeko. Masajea egiteko bibragailua, klitoria estimulatzeko jostailua, gogor bibratzen zuen eskularrua eta labaingarriak. Ahate txikiak ere ekarri zituen. "Egun gogorra izan eta gero, etxera heldu, bainuontzia prestatu eta ahatearekin ondo-ondo pasa dezake batek".

Nesken PlayStation izeneko kontsoladorea ere aurkeztu zuen. Kontsoladorea badiogu ere, bibratu, bueltak eman eta bestelako mugimenduak ere egiten zituen. "Botoi pila bat ditu eta oso ondo dago. Nire bezero batek urtean hiru erosten ditu. Eta seguru nago, horrenbeste erabilita, hirurak desegin egiten dituela".

100 urteko kontsoladorea
Baina jostailu guztien artean, batek berebiziko garrantzia hartu zuen: 100 urte zituen kontsoladoreak. "Gauza hauek azken hamarkadetan sortu direla uste dute askok, baina ez da horrela. 100 urte dituen kontsoladore hau ilargi harriarekin egina dago, eta, pisu handia duen arren, oso leuna eta ona da". Jostailuak osagarriak direla esan zuen, ez ordezkagarriak. "Jostailu horiei esker bikote askok euren harremana berriro piztu dute. Emakume batek G puntua estimulatzeko jostailu bat eraman zuen eta handik egun batzuetara dendan agertu zen, lore sorta bat eskuetan zuela".

Jostailu gehienak emakumezkoentzat pentsatuta daudela ere azaldu zuen Rekartek: "Emakumeek diseinatzen dituzte jostailuak, eta eurentzat egiten dituzte. Baina gizonezkoendako ere badaude, eta, berri bat ateratzen den bakoitzean, ni neu poztu egiten naiz".

Gero eta gehiago nahi
Horrekin guztiarekin, behin probatzen hasita, gorputzak gehiago eskatzen duela dio Rekartek. "Zenbat eta gehiago gozatu, orduan eta gehiago nahi dugu". Hala, probatzea, ausartzea eta, lotsak albo batera utziz sexuari buruz lasai berba egiteko gomendioarekin itxi zuen hitzaldi-tailerra Manex Rekartek. Bertaratutakoak, Kulturaten jasotako aholkuak poltsan ondo-ondo gordeta zituztela, etxera abiatu ziren, asko eta asko, ziztu bizian. Akaso, ordura arte galdutako denbora eta esploratu gabeko sentsazioak berreskuratzera eta, nola ez, horietaz gozatzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak