Uarkapera pasata ere, Txikilandia 2012 harrera onarekin hasi da

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko urtarrilaren 3a

Txatxilipurdik lanean buru-belarri hasi du urte berria. Azken 20 urtetotan moduan, Txikilandia Gabonetako jolas parkea ireki dute. Gaur goizean (11:00), hain zuzen. Aurten, gainera, nobedade bereziak izan dira hasieratik: Musakolako kiroldegian beharrean, Uarkape pilotalekura pasa da, esaterako. Antolatzaileen arabera, parkea antolatzeko lekualdaketak zenbait buruhauste sortu badizkie ere, harrera ona izan du Txikilandia berrituak. Bestalde, gaur bertan hasi dira Argentinako Chascomus herriko udalekuetan Txatxilipurdiko lau begirale.

Askotariko eskaintza dago Txikilandia 2012n: tailerrak, Irrien Lagunen puzgarriak, ohe elastikoak, karaokea, ludoteka, guraso txokoa, teknologia txokoa –Wii kontsola, Guitar Hero...– . Ikuskizunak ere ez dira falta: 11:30ean eta 17:30ean ipuin kontaketak, txotxongiloak eta antzerkiak.

Jolas parkea Uarkapen egongo da gaur eta bihar eta hilaren 5ean, ordea, Musakolako igerilekuan egongo da goizean, 11:00etatik 14:00etara. 0 eta 6 urte artekoak igerileku txikian izango dituzte jolasak eta 6-12 urte artekoak, berriz, puzgarri eta jolasekin gozatzeko aukera izango dute igerileku handian.

Arratsaldean, amaitzeko, Porrotx eta Bonberenea txarangak Herriko plaza eta gaztetxea hartuko dute. 17:00etan irtengo dira kalejiran Herriko plazatik eta 18:00etan ikuskizuna egongo da gaztetxean. Ikuskizun horretarako sarrera mugatua da eta haur bakoitza gehienez heldu batekin sartu ahal izango da. Sarrerak gaur eta bihar eros daitezke Uarkapen. 

Txatxilipurdi Argentinaraino

Bestalde, Txatxilipurdiren lau begirale daude Argentinako Chascomus herrian, hango euskal etxeak antolatzen dituen udaleku batzuetan. Aldundiak proposatutako lehiaketa baten bidez heldu da Txatxilipurdi Amerikaraino eta gaur bertan hasi dira Arrasateko lau begiraleak bertan lanean.

Hilaren 8ra arte arituko dira lanean, errefortzu modura. Euskal etxeak emango die ostatu; esperientzien elkartrukea du helburu ekimenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak