Lagunari labankada ematea egotzita, ertzaintzak gizonezko bat atxilotu du Arrasaten

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko urtarrilaren 2a

Urte zahar egunean gertatu zen, Arrasaten, San Andres kalean: gizonezko batek labana sartu zion lagunari. Erasoaren ondorioz, Debagoieneko Eskualde ospitalera eroan zuten eta han geratu zen ingresatuta, bular inguruan zauriak zituela.

Zapatuan, 15:45ak aldera, izan ziren gertaerak. Herrizaingo Sailak aditzera eman duenez, eztabaidan hasi ziren bi lagun eta, halako batean, batek besteari eraso egin eta 15 zentimetroko labana sartu zion bular inguruan.

Ertzainek abisua jaso eta bertaratu zirenean ohartu ziren atarian eta eskaileretan odola zegoela eta arrastoak etxebizitza batera eroaten zituztela. Etxebizitzaren ate aurrean topo egin zuten gizonezko batekin, bularrean zauriak zituena, bizilagunak alboan zituela.

Zauritua ospitalera eroan eta ertzainak ustezko erasotzailearen bila hasi ziren. Etxe inguruan aurkitu zuten lasterrera eta atxilotu egin zuten. Ustezko erasotzailea, 43 urtekoa, komisariara eroan zuten eta epailearen aurrean utzi du poliziak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak