Goikobalukoak zilarrezko garaikurrarekin itzuli dira Errenteriatik

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko urtarrilaren 2a

Arrasateko Goikobalu abesbatzako haur eta gaztetxoek zilarrezko garaikurra lortu zuten zapatuan Errenterian. Ereintza Elkarteak antolatuta, 65. edizioa ospatu zen Errenteriako Udal Kiroldegian.

Gipuzkoako 4 haur abesbatza lehiatu ziren: Errenteriako bik, eta Irun eta Arrasatekoak. Goikobalukoek adierazi dutenez, txapelketa oso parekatua izan zen eta maila handia erakutsi zuten talde guztiek. Errenteriako Oreretak eta Orereta Txikik urrezko sari bana lortu zuten eta Arrasateko Goikobalu-Arizmendik eta Irungo Ametsa Txiki abesbatzek, zilarrezko bana.

Aurtengoan ez da brontzezko saririk banatu.

Urtea amaitzeko, berri ona, hortaz, Goikobalu osatzen duten guztientzat. 1996 geroztik, txapelketa honetan parte hartu duten 16. aldia izan da aurtengoa Arrasatekoentzat. Urrezko saria 2006an eta 2008an lortu zituzten eta, zilarrezkoa, 2005etik hona urte guztietan.

Hiru proiektu

Hurrengo proiektu garrantzitsuenak, besteak beste, ondorengoak izango dira:

  • Jostailuegilea ipuin musikala, Arizmendi Ikastolako abesbatzarekin batera.
  • Ken7ko Eñaut Elorrieta eta Et Incarnatus orkestrarekin, emanaldia Arrasaten.
  • Azkenik, Italian, Turinen, Europa Cantat 2012 jaialdian parte hartzea, abuztuan.

Goikobalun parte hartu

Lerro hauen bidez, bailarako haur eta gazteei deialdia egin nahi die Goikobalu abesbatzak, taldea ezagutzera etor daitezen edozein entsegutara.

  • Goikobaluko Tailerra: 5-6 urte bitartekoak. Egubakoitzetan, 17:00-17:45.
  • Goikobalu Txiki abesbatza: 6-10 urtekoak. Eguenetan, 18:15-19:15.
  • Goikobalu Gazte: 11-21 urtekoak. Eguaztenetan, 19:00-20:30.

Horretarako, Goikobaluko edozein kantarirekin edo Rakel Murgiondo, Goikobalu Gazte abesbatzako zuzendariarekin (615 76 02 89) harremanetan jar daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak