Goikobaluk hiru emanaldi eskainiko ditu urtea agurtzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko abenduaren 29a

Goikobalu Gaztek bi emanaldi eskainiko ditu gaur eta bihar. Gaur bertan Iturbide egoitzan kontzertua eskainiko diete herriko nagusienei, 17:15ean. Helduen taldeak Eguberri egunean girotu zuen Iturbide egoitza eta orain gazteen txanda da. Bihar, berriz, Errenteriako 65.Gabon Kanten txapelketa egongo da Rakel Murgiondok zuzentzen duen Goikobalu Gazte taldea; 15. aldia izango da aurtengoa.  Amaitzeko, helduen taldeak Arrasate Musikalen ohiko urte amaierako kontzertuan hartuko dute parte: hilaren 31n, Amaia antzokian (13:00).

Iturbide egoitzako kontzertuan Gabon kantak abestuko dituzte Goikobalu Gaztekoek, aiton-amonen gozamenerako. Emanaldia 17:15ean hasiko da.

Errenteriako Gabon txapelketan, 15.aldiz

Bihar, hilak 30, Ereintza elkarteak antolatzen duen Errenteriako 65. Gabon txapelketan egongo dira. Aurten 15. aldiz hartuko du parte Goikobalu Gazte abesbatzak txapelketa horretan –irudian, 2009ko edizioa–. Eva Ugalderen Dizdizka Zeruan eta Luis Elizalderen Hator, hator abestuko dute eta espero dute Urrezko saria ekartzea Arrasatera.

Hamabost urte hauetan birritan igo dira lehen postura, urrezko garaikurra eskuratuz –2006an eta 2008an–. Jakinarazi dutenez, abesbatzako kideak "indar guztiekin" ari dira egun hauetan ahotsak berotzen garaikur bera  hirugarrenez lortzeko.

Helduen taldea, Arrasate Musikalen urte amaierako kontzertuan

Amaitzeko, hilaren 31n Goikobaluko helduen taldeak Arrasate Musikaleko bandarekin batera urte amaierako kontzertua eskainiko du Amaia antzokian, 13:00tan hasita. Besteak beste  Händelen Hallelujah abestuko dute bandaren laguntzarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak