Gaur Gorripideako koordinakundea Arrasaten batu da hainbat punturen gainean eztabaidatzeko. Bertan izan dira besteak beste: Juan Ramon Garai eta Joxe Iriarte. Azkenak honakoa esan du Zutik desegitearen gainean: “Dibortzio bat izan da. Bikoteekin gertatzen den bezalaxe, guri ere amodioaren ostean, konpondu ezina sortu zaigu. Desadostasunak aspalditik zetozen, baina azken urteetan gure arteko aldea areagotu egin da”.
Hala, Iturbek adierazi du talde barruko desadostasunak sakonak zirela; eta ez zirela ados jartzen ez aspektu ideologikoan eta ezta oinarrizko puntuetan ere. Adibidez, ez ziren ados jartzen autodeterminazio eskubidea nola gauzatu behar zen erabakitzerako orduan, Ibarretxe Planaren aurka egiterako orduan ere erakunde barruko kideek oso iritzi ezberdinak zituztela aitortu digu edo ezkergintza ulertzeko modu ezberdinak zituztela esan du. Iturbek Arrasateko kasua ere jarri du adibide, eta esan du ETAk Isaias Carrasco hil zuenean ere, eztabaida handia sortu zela erakundearen baitan. “Hori horrela, nahiago izan dugu desegitea, baina erabakia denon artean hartu dugu. Gure barneko arazoak konpondu ditugu eta gero bakoitzak bere aldetik jarraitzea erabaki dugu”.
Horrenbestez, Zutik desegin eta hilabete eta erdira aurkeztuko dute Gorripidea alderdi politikoa. Iriartek adierazi du azken urrats hau egitea ez dela mingarria izan, bai ordea ohartzea orain dela urte batzuk Zutik desegiten ari zela.
Indarrak metatzeko joera
Hainbat alderdi politikok eginiko indar metaketaren aldeko apustuaren gainean galdetuta, Amaiur eta Bildu kasu, Iturbek honakoa dio: “Horren gainean hausnarketa bat egingo dugu, landuko dugun gaietako bat izango da. Guri ondo iruditzen zaigu indarrak batzea, baina jakin behar dugu ze oinarriren gainean batzen garen. Gernikako Akordioaren barruan bagaude eta hori bada jarrera amankomun bat”.
Bailan ere osatu dute Gorripidea alderdia
Gure bailaran, Zutik alderdia ordezkaritza politikoa izanikoa da. Aurreko agintaldian adibidez, Arrasaten, Oñatin eta Antzuolan izan zuen. Etorkizunaren gainean galdetuta Juan Ramon Garaik adierazi du: "Zutik dagoeneko bailaran deseginda dago, baina gorripidea bezala jarraitzen dugu lanean batzuk". Garai bera eta Julia Monge dira alderdi berriko kide, beste batzuen artean. Bestalde, Joxe Ruiz oñatiarra eta Pili Etxaniz antzuolarra ez dira Gorripideako kide izango. Hala ere, Garaik adierazi du urtarrileko konferentzia pasa arte itxaron egin beharko dela alderdi berriko kideak zehaztasunez ezagutzeko.