Bildu eta Aralarrek onartu dituzte datorren urterako aurrekontuak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko abenduaren 27a

2012rako aurrekontuak onartzeko ezohiko osokoan Bildu eta Aralarrek bakarrik onartu dituzte aurrekontuak. Hau da, PSE-EE eta EAJk ez dituzte begi onez ikusi. Aurrekontuek aurrera egingo dute, baina oposizioak gogor kritikatu ditu. Horiek onartzeko udal gobernuak aurrera eraman duen prozedura ere salatu du, batez ere EAJk. 2012rako aurrekontu orokor finkatua 34.884.546 eurokoa izango da. Udalarena berarena 31.162.825 eurokoa izango da hain justu, iazkoa baino %4,92 gehiago (29.700.120). Ongizatea bermatzeak izango du lehentasuna. Pertsonal gastuak (%31,06) eta ondasunak zein zerbitzuak (%28,42) izango dira Udalarendako gastu handiena suposatuko dutenak.

  • INBERTSIOEN LABURPENA ALBISTE BARRUAN

Udal gobernuak lehentasuna emango dio gizarte ongizateari: "Apustu irmoa egingo dugu oinarri sozialeko programak, ekimenak, laguntzak eta lanak mantentzearen alde". Gainera, lan handien ereduarekin bat egiten ez duten aurrekontuak dira, udal gobernuak ez duelako sinesten, diotenez, "merkatuekin eta diruarekin bat datorren herri-hiri eredu batean. Gure ahalegina bideratuko dugu herriaren neurrira egindako proiektu txikiak egiteko", diote.

Krisiaren aurrean, "zorroztasuna"

Onartu berri diren aurrekontuen ezaugarriei dagokienez, hiru nabarmendu ditu udal gobernuak: krisi ekonomiko "gogorra", gastu arruntean "zorroztasunaren eta eustearen" irizpidean oinarritzea –lehen ezaugarritik datorrena, hain zuzen– eta zorpetzeari eusteko borondatea.

EAJ: "Ez datoz bat Arrasaten jasaten ari garen egoera ekonomiko txarrarekin"

EAJk uste du oposizioko alderdiak "kanpoan utziz" eta "gehiengo absolutuaren erabilera" eginez onartu direla 2012rako aurrekontuak: "Aurrekontuak aztertzeko ez duzue apenas denborarik utzi oposizioari zuzenketak planteatzeko", adierazi du Maria Ubarrenetxea zinegotziak. Gainera, ez dute uste egoera ekonomikoari aurre egiteko aurrekontuak direnik: "Ez datoz bat Arrasaten jasaten ari garen egoera ekonomiko txarrarekin eta ez du estrategiarik zehazten Arrasate beste lau urtetan geldirik egon dadin saihesteko". Atalez atal EAJk ikusten dituen hutsuneak jakinaraziko dizkio udalbatzari.

PSE-EE: "Norabide eta lidergo gabeko gobernua"

Aritz Arrieta PSE-EEko bozeramailearen arabera, Arrasatek behar ez dituen aurrekontuak dira: "Egoera ekonomikoari aurre egiteko dugun ikuspuntutik oso urrun daude aurrekontu hauek. Norabide eta lidergorik ez duen gobernu batek egindako aurrekontuak dira, eta ziurgabetasunez josiak", adierazi du.

Erabaki garrantzitsua hartu den seinale, hainbat interbentzio izan dituen plenoa izan da, eta udal gobernuko zein oposizioko hainbat zinegotzik hartu dute hitza.

PPren presentziarik ez

Bestalde, azken osoko bilkuretan Itziar Lamarain PPko zinegotzia ez da egon. Arabako Foru diputatua denetik ezin izan da Arrasateko plenoetara etorri. Ordezkorik ez dute izendatu ofizialki, izan ere, Lamarainek lehenago dimisioa aurkeztu behar du-eta. 

Hemen entzungai 2012ko aurrekontuen gaineko Udal gobernuaren iritzia eta azalpenak

Arrasate Irratian izan ziren Inazio Azkarragaurizar, Arrasateko alkatea, eta Iratxe Zeziaga, Ogasun saileko batzordeburua hasi berri dugun urteko aurrekontuen gaineko udal gobernuaren iritzia eta azalpenak ematen. Segidan duzue elkarrizketa osoa entzungai.

 

Aurrekontuak2012udal gobernuaren iritzia by Goiena

INBERTSIOAK

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak