1988an sortutako taldea
The Chicago Mass Choir 1988an sortu zuen James C. Chambersek. Ordutik hona lan handia egin dute gospel musikan; eta lan hori saritua izan da behin baino gehiagotan.
Azken diskoa 2011ko maiatzean argitaratu zuten: XV Live. Hala, Arrasateko kontzertuan azken laneko abestiak eskainiko dituzte. Tenneseko TBN Studio Auditoriumean grabatu zuten diskoa 2010eko urrian.
ECC Music Workshop
Nabarmendu behar da taldea ECC Music Workshop elkarteko parte dela. Munduan erreferente diren musikariekin lan egin du Chicagoko gospel taldeak. Besteak beste, Bob Dylanen laguntza izan dute Gotta Have Somebody abestian, baita Onirama greziarrena eta Dr. Bobby Jones Show-ena ere.
2003an hasi ziren Europan birak egiten. Suitzan, Kroazian, Italian, Grezian eta Alemanian ibili izan dira abesten. Euskal Herrira aurten etorriko dira lehenengo aldiz.
Bestalde, izen handiko jaialdietan parte hartzen du gospel taldeak: Chicagoko Gospel jaialdian, New Orleansko French Quarter jaialdian eta Los Angelesko Staple Center jaialdian, besteak beste. Maila handiko musikarik entzuteko aukera izango da, hortaz, Amaia Udal Antzokian.
Music Award saria
2000. urtean gospel disko onenaren saria eskuratu zuten Chicago Music Award sarietan; eta 2009an urteko abesbatza onenaren saria irabazi zuten Stellar Award sarietan.