Hiru soilarutan banatutako 400 metro koadro eta honetaz gainera, terraza eta ortua ditu Zarugalde kalean dagoen eta aurrerantzean Gizabide eta Mundukide fundazioen eta Bagara taldearen egoitza izango den jauregi eraberrituak.
Atzo inauguratu zuten ofizialki, eta bertan, 80. hamarkadatik hona Gizabideren presidente izandako Alfonso Gorroñogoitia, Jesus mari Herrasti, Jabier gantxegi, Juanjo Ansoategi eta egungo presidente den Josean Alustiza elkartu ziren, baita Mundukide eta Bagarako ordezkariak eta Gizabide Fundazioaren garapenean garrantzitsuak izan diren pertsona ugari ere.
Eraikina herentzian
Herentzia baten ondorioz jaso zuen jauregia Gizabidek, Conchita Azcarate arrasatearrak utzitako herentzia baten ondorioz, hain zuzen ere. 1916an jaioa eta familia diruduneko emakumea duela bost urte hil zen. Erlijio munduarekin harreman estua izan zuen: horrela ezagutu zuen On Jose Maria Arizmendiarreta. Eta kooperatibismoa ere gertutik ezagutu zuen, hasierako urteetan Lagun Aroren presidente izandako Jose Ayalarekin ezkondu zen-eta.
Eraikina bakarrik ez, Conchita Azcaraterenak izandako hainbat altzari ere ikus daitezke jauregian.
Alustizarentzat, Azcaratek Zarugaldeko jauregia Gizabidentzat utzi izana, Fundazioaren lanari egindako errekonozimendua ere bada.
Gizabideren presidentearen esanetan, Conchita Azcaretek izandako detailearen truke erabaki zuten batetik eraikina eraberritzea, eta bestetik, euren egoitza soziala bertan ezartzea. Momentuz baina, Mundukide dago eraikin berrian lanean, baina laster egongo da bertan Gizabide ere.