Julen Ribas: "Istorioaren arabera erabakitzen dut komikiei zein kolore eman"

Maider Arregi 2012ko urt. 3a, 01:00

Arrasateko labela duen komikia da Azken garaipena. Ikastolen Elkartearen Xabiroi komiki aldizkariaren bilduma da. Marrazkien egilea, berriz, Julen Ribas komikigile eta ilustratzaile arrasatearra da; Numenak komikiarekin ezagutu genuen.

Komiki baten atzean bi lagun daude beti.
Bai, gidoilaria eta komikigilea. Nik marrazkia eta kolorea eman diot komikiari. Iban Zaldua idazleak, aldiz, gidoia egin du. Aurretik ere elkarrekin historia motz bat egin genuen Zalduak eta biok. Baina hau izan da lehen aldia nobela baten, komiki luze baten, barneratu garena. Esperientzia berria eta aberasgarria izan da.

Aurrez argitaratutako komiki atalak dira.
Bai, album itxuran aurkeztuta atera ditugu. Hasieran, Xabiroi Ikastolen Elkarteko komikiak ateratzen joatea zen asmoa. Orain, istorio luze bat egin dugu, 46 orrialdekoa, eta album baten batu ditugu. 12-13 urtetik gorako gazteei zuzenduta dago.

Zientzia fikzioa, genero beltza.
Ukraina bat da, naziek II. Mundu Gerra irabazi dutela; hori litzateke testuingurua, eta etorkizun hurbilean dago kokatua: 2052. urtean, hain zuzen. Naziek eta japoniarrek menderatutako mundua da. Testuinguru horretan, krimenak  gertatzen dira Berlin izandako hiriburuan, orain Germania deitzen den horretan. Krimen horietan zilborrik ez duten hilotz batzuk azaltzen dira. Hori da misterioa eta Sigrid Frisch  polizia kriminaleko tenienteak eta komikiko protagonistak argitu beharko du hori.

Zein komiki irakurri duzu?
Nik ez ditut izan Zalduaren influentzia berak, hark Kapitain Trueno izan du-eta, besteak beste, gogoko. Ni Asterix eta Obelix, Tintin eta Mortadelo eta Filemon komikien jarraitzailea izan naiz, gehienbat.

Zeren arabera aukeratzen duzu ze estetika, ze marrazki egin?
Istorioa zein zen jakinda, horren arabera egin ditut marrazkiak eta erabaki ditut koloreak. Historiaren arabera kolore serioak erabili ditut. Grisak, ilunak nagusiki;  kolore ez oso alaiak seriotasun hori markatzeko. Oso kolore hotzak erabili ditugu eta istorioarekin bat dator komikiaren estetika: unibertso kontserbatzailea, nazia da. Antzinako Mercedesek eta arropek kontu futuristekin bat egiten dute.

Bulego birtualean egin duzue lan, tartekatu egin dituzue marrazkiak.
Bai, nor bere lantokian. Internetek ematen duen abantaila da. Nik zirriborroa egin eta bidali egiten nion iritzia eskatzeko Zalduari. Oso interaktiboa izan da lan prozesua.

Xabiroi aldizkaritik bultzatutako ekimena izan da, ezta?
Bai, idazleen eta marrazkilarien arteko nahasketak bultzatzen dituzte; Dani Fano komiki aktibistaren laguntzarekin egin dugu. Gustura gaude emaitzarekin eta horrelako ekimenekin.

Non eskura daiteke komikia?
Euskal Herriko komiki-denda eta Elkar Megadendan. Liburu-denda txikiagoetara ere iritsiko da.

Elkarlan horrek fruituak emango ditu aurrerago?
Elkarlanean berriro lan egiteko gogoa, nahia badago. Komikiaren gaineko pare bat ideia ere baditugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak