Gabonetan Iturripen saskibaloiak ez du atseden hartuko. "Saskibaloia sustatzeko, Gabonetan herrian kirol eskaintza erakarkarri bat egon dadin eta kanpotarrei gure herriaren berri emateko", antolatuko du Ointxe!-k saskibaloi txapelketa. Atzo, astelehena, ilunkeran aurkeztu zuten torneoa, eta Ointxe!-ko presidenteaz batera Euskadiko Kutxako ordezkariak ere egon ziren aurkezpenean, baita zuzendaritzako kide eta txapelketa jokatuko duten Mondragon Unibertsitateko mutilak ere.
Hauek dira txapelketan egongo diren taldeak:
A multzoa:
-Mondragon Unibertsitatea
-Utebo
-Lagunak
B multzoa
-CB Cornella
-Clavijo
-Easo
Txapelketako taldeei dagokienez, Mondragon Unibertsitateko taldea ondo finkatuta dagoen taldea da. Lagunak Iruñeko taldea da, euren kategorian Nafarroako erreferenteetako bat, eta liga irabazteko faboritoetako bat. Utebo Zaragozatik datorren taldea da. Hasiera baten baliteke ez izatea txapelketa eskuratzeko hautagai nagusia, baina adi Aragoikoekin. Eta, gauza bera esan genezake Errioxako saskibaloian ohiko talde den Clavijori buruz ere. Easo talde ezagunagoa da, besteak beste, ligan Arrasatekoen kontrario direlako.
Gainera, MUkoek euren kontra jokatu berri dute, eta emaitza ez zen zuri-moreen aldekoa izan: "Hala, errebantxa hartzeko aprobetxatuko dugu", adierazi zuen Jon Basurko presidenteak. Azkenik, Cornella da kategoria txikietan Katalunian ondoen lan egiten duen klubetako bat; Bartzelonaren harrobia osatzen duen taldeetako bat da, eta txapelketan gainditu beharreko kontrarioa, iazko irabazleak dira-eta.
Ordutegiak:
Abenduak 26, astelehena
16:30 MU-Lagunak
19:00 Easo-Clavijo
Abenduak 27, asteartea
10:15 Utebo-Lagunak
12:15 CB Cornella-Clavijo
16:30 MU-Utebo
19:00 CB Cornella-Easo
Abenduak 28, asteazkena
10:00 A multzoko 3. sailkatua - B multzoko 3. sailkatua
11:15 A multzoko 2. sailkatua - B multzoko 2. sailkatua
12:30 Finala
14:15 Sari banaketa
Erosotasun guztiekin
Aipatu moduan, txapelketa erakargarriago egiteko klubak hainbat neurri hartuko ditu ikusleei begira: taberna jarriko dute Iturripen, eta baita berogailuak ere. DJ bat arduratuko da txapelketa musikaz girotzeaz, eta saskibaloia ondo ezagutzen duen Xabi Igoa aramaioarrak egingo ditu esatari lanak.
Babesleei eskerrak
Txapelketa antolatu ahal izateko Ointxe!-k eskerrak eman nahi izan zizkien babesle gutxiei. Euskadiko Kutxa eta MU dira babesle nagusiak, baina ez zituzten babesle txikiak ere ahaztu nahi izan.