Ekitaldi ofiziala 11:15ak aldera izango da, Inazio Azkarraga-Urizar alkatea ezingo delako lehenago heldu: "Aukera polita da herritarrek egoitza berria eta gure eskaintza ezagutu dezaten; interesa duen edonor dago gonbidatuta", adierazi du Lourdes Jauregialtzo irakasle taldeko kideak. 12:00ak aldera luncha egingo dute.
Ferrerias kalean zuten egoitza txikia itxi eta Helduen Heziketa Iraunkorrerako zentroak –EPA izenarekin ezaguna– egoitza berriarekin ekin zion irailean ikasturte berriari. Udalarendako inbertsio handia izan da lehen Mankomunitatea zegoen Arrasate pasealekuko lokala egokitzea.
HHIko arduradunen arabera, egoitza berriaren beharra handia zen eta oso pozik daude egoitza berriarekin: "Orain eskola bat garela dirudi. Lehen sartu ezinik ibiltzen ginen eta orain, berriz, oso egoitza kuriosoa daukagu. Oso pozik gaude", diote.
581 matrikulatu aurten
Egoitza berriak zazpi ikasgela, informatika gela bat, liburutegia, zuzendaritza gela bat, irakasle gela bat eta itxaron-gela bat ditu. 2011-2012 ikasturtean 581 ikasle matrikulatu dira eta Lehen zein Bigarren Hezkuntzako formazioaz gain, hizkuntza proiektu ezberdinak –ingelesa eta frantsesa, esaterako– eskaintzen dituzte. Laguntza pedagogiko zerbitzua ere badute, besteak beste.