Negua heltzear den arren Zea Mays arrakasta da oraindik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko abenduaren 16a

'Kooltur Ostegunak' ekimenaren barruan jende gehien erakarri duen taldea da Zea Mays, Fiachrasekin batera. Gaztetxea goraino bete zen atzo Bilboko taldea ikusteko; argi dago taldea ibilbideko bolada onenean dagoela. Soinu borobila eskaini zuten, igarri zen teknikari propioa dutela. Zuzenekoan ematen diren akatsak ere ez ziren falta izan baina Aiora abeslariaren ahotsak horiek guztiak oharkabean pasatzeko gaitasuna dauka. Ahotsaren erakustaldi bikaina beste behin. 500 sarrera inguru saldu ziren.

Zea Mays aspalditik ezagutzen duen zalearendako ez zen kontzerturik onena izango akaso, baina taldea aurki ezagutu duen ikuslearendako –gehiengoa atzokoan– gustura egoteko moduko saioa eskaini zuten.

Errepertorioari dagokionez, nola ez, Negua joan da-eta eta Kukutza III izan ziren abesti arrakastatsuenak. Bilboko gaztetxearen aldeko kantuarekin amaitu zuten emanaldia, ikusleen gozamenerako. Bateriako bonboan zegoen Kukutzaren aldeko banderaren taupadak gainerako abestietakoak baino indartsuagoak izan ziren azken kantuan...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak