Euskal presoen aldeko bigarren eskuko azoka asteburuan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko abenduaren 16a

Gabonen atarian euskal presoen aldeko hainbat ekintza egingo dira Arrasaten. Horien artean dago bigarren eskuko azoka, bihar eta etzi egingo dena.

Duela zazpi urte jarri zen martxan ekimena eta ordutik urtero Gabonen atarian egin izan da, Seber Altube plazan. Aurtengo nobedadeetako bat da Ein deigun bidie ekimenaren barruan antolatu dela. Iluntz eta Irati tabernetan materiala batu ostean bihar eta etzi jarriko dute salgai, goiz eta arratsaldez.

Denetarik eta merke

Denetarik egongo da salgai: prakak, jertseak, txamarrak, bufandak, soinekoak eta askotariko osagarriak, besteak beste. Alaitz Arantzabal azokaren antolakuntza taldeko kidearen arabera, iazko antzeko kopurua batu dute aurten: "Hasieran gutxiago jasoko genuela uste genuen baina egunek aurrera egin ahala konturatu gara material askotxo dagoela".

Euro erditik hasi eta 15 euro arteko prezioan erosi ahalko da arropa: "Ein deigun bidie herri mugimenduarendako bideratuko da dirua eta beraz, euskal preso eta iheslarien defentsen aldeko borrokari zuzenduko zaio. Izan ere, elkartasun afektiboaz gain elkartasun ekonomikoa oso garrantzitsua da", dio Arantzabalek. 

500 kilometrora gutxienez
Arrasaten une honetan 12 preso daude. Espetxean urte asko daramatzatela dio Arantzabalek eta preso horietako bat ere ez dagoela Euskal Herrian. Gutxienez euren etxetik 500 kilometrora daudela salatu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak