Hostoekin dantzan, kantuan eta musika egiten

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko abenduaren 16a

Musika, dantza, ahotsak eta marrazkia batuko dituen ikuskizuna eskainiko dute bihar, zapatua, Amaia antzokian. Musika Oreka TX taldeak jarriko du, dantza Kukai dantza konpainiak, ahotsak Amaren alabak eta marrazkia Eñaut Muñoak. Horren guztiaren zuzendaria Mireia Gabilondo bergararra izango da.

Euskal kulturaren tradiziotik datozen taldeak dira hiruak, baina garai berrietara egokituak. Hala, ikuspegi garaikidea duen ikuskizuna da Hostoak.

Diziplinak nahastea

"Talde bakoitzak bere lanbidea jorratu izan du orain arte eta ikuskizun hau denon bateragune bilakatu da eta ibilbide guzti horiek nahasteko aukera eman digu", azaldu du Arkaitz Martinez de San Vicente Oreka TX taldeko kideak. Ikuskizun amankomuna dela gaineratu du, non hiru taldeek eta marrazkilariak leku berdina izango duten.
Mireia Gabilondo zuzendariak azaldu du zailena talde guztiekin ikuskizun bakar bat egitea izan dela: "Hasieratik hori egin gura nuen eta hori izan da zailena".

Talde bakoitzaren lana

Oreka TX bikotea aski ezaguna da txalaparta jotzen duelako. Hostoak ikuskizunean bikote izatetik talde izatera pasa dira. "Tutufonoa" da Oreka Tx-k ikuskizunari eskaini dion instrumentuetako bat: "Material sintetikoetara jo dugu, argindarra eramateko erabiltzen den tutuetara. Horiek afinatu eta instrumentua sortu dugu. Perkusiozko instrumentu melodikoa egin dugu eta txalapartak ematen ez duen grabeak eman dizkigu honek", azaldu du Martinez de San Vicentek. Amaren alabak taldeak musika barik abesteko ohitura du; hortaz, hori izan da zailena, musikarekin abestea. Gabilondok gaineratu du dantzariak ohituago daudela musika zuzenean izatera. Elkarlan horretan bata bestearekin zer sentitzen duten ikasi dutela azaldu du Gabilondok.
Eñaut Muñoa, ostera, eszenatokiaren alde batean egongo da eta hainbat irudi egingo ditu hostoekin. Kamera bat izango du gainean eta hala, egiten dabilena momentuan bertan ikusiko da aretoan. "Hostoen egiturarekin jokatuko du eta joko horren bitartez klimax ezberdinak lortzen lagunduko dute", dio.

Harrera oso ona izan duen lana

Otsailean estreinatu zuten ikuskizuna eta ordutik 15 bat emanaldi egin dituzte. Pozik daude ikuskizuna izan duen harrerarekin. Istorioaren ildoa azaltzean, hau esan du Martinez de San Vicentek: "Sentsazioak dira bidea markatzen duten pausalekuak eta sentsazio horietatik norberak ateratzen du ikuskizunaren bidea". Emanaldia 20:00etan izango da, 15 euroren truke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak