Etorkizuneko Arrasate eraikitzeko herritarren iritzi eske

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko abenduaren 16a

Indarrean dagoen Arrasateko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) zortzi urte bete zuen apirilean eta Udalak berraztertzea erabaki du. Uste dute komenigarria dela planeamenduaren inguruko eztabaida piztea, iritziak elkartrukatu eta gero, erabaki dezaten jarraitzea dagoenetan edo beste proposamen batzuk bultzatzea. Bada, horretarako erakusketa aurkeztu dute gaur eta bihartik aurrera herritarrei zabalik egongo da, otsailaren 5era arte. Irekiera egunean, gainera, 18:00etatik 19:00etara, Kulturateko klaustroan egongo dira udal ordezkariak herritarrek duten edozein zalantza argitzeko.

Aurrerapen agiri horretan ez dira proposamen zehatzak jasoko. Omer Arregi Hirigintza zinegotziaren arabera, eztabaida sortzeko agiria aurkeztea da helburua, alternatiba ezberdinak jasoko dituena: "Gaur egunean indarrean dagoen Egitamu Orokorra eztabaidarako zero puntua izango da".

Agiria onartzeko prozedura

Herritarren proposamenak jaso ostean Plan Orokorra idazteko oinarrizko irizpide eta helburuak zehaztuko dira, gero agiri hori prestatu eta jendaurrean erakutsiko dute hilabete batez, eta eskumenak dituzten bestelako administrazioei ere jakinaraziko zaie.

Erakusketako emaitzak jasoko dira eta behin behinekoz onartuko da agiria, dagozkion aldaketekin. Aldaketok egiturazko antolamenduaren funtsa aldatzen badute Udalak hasierako onespena eman beharko dio agiriari eta jendaurreko izapidea irekiko du berriz, beste behin onartu aurretik. 

Horren ostean Udalak agiria EAEko Lurraldearen Antolamendurako batzordeari igorriko dio eta batzorde horren txostena loteslea izango da lurralde antolamenduko tresnei, eta Udalaz harago dauden proiektuei. Hiru hilabete izango du batzorde horrek txostena egiteko. Eta orduan, aldaketa guztiak egin ostean, Udalak behin betiko Plan Orokorra onartuko du. 

Udalak hainbat lekutan eragina izan dezaketen proiektuak erakutsiko ditu herritarren aurrean. 21 proposamen dira guztira eta aurkezpenean adierazi dutenez, plana onartu eta indarrean jartzeko hainbat urte pasa daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak