Mondragoeko kirol elkarteetan euskara indartzeko lanean

Xabier Urtzelai 2011ko abenduaren 15a

AEDk deituta Arrasateko hainbat kirol taldetako ordezkariak batu ziren atzo Kulturaten, AUKEAko ordezkariekin batera. Asmoa da Arrasateko kirol taldeetan euskararen erabilera indartzea: "Gutxienez gazteleraren parera iritsi dadin". 30 talde zeuden deituta, eta herena azaldu ziren; antolatzaileek adierazi zuten parte-hartzaile kopurua ez zela nahi besteko altua izan, baina oso positiboa izan zen klubekin izan zuten hartu-emana, bakoitzak bere taldean bizi duen egoera azaldu zuelako.

Errealitate hori ezagututa hasiko dira lanean, eta batzarrean egon ez diren gainontzeko klubetako ordezkariekin harremanetan jarriko dira.

"Hau ez da euskara teknikarien lana, euskaldunon lana da", adierazi zuen Joxemari Muxikak batzarrean, euskara egunerokotasunean erabili nahi badugu denon esku dagoela, alegia. Rafa Leturiak aurkeztu zuen egitasmoa. Arrasateko elkarte gastronomikoetan euskara sustatzeko lanean ibili ostean –harrera ona izan zuen SUDCekin batera egindako egitasmo horrek– AEDren hurrengo erronka egitasmo bera kirol taldeetara bideratzea izan da.

Eta bai, badago beharra, klub guztietako ordezkariek onartu zutelako, gehiago ala gutxiago, gaur egungo gazteek erdararako joera handia daukatela.

Euskararen erabileraren jarraipena

Kontua da kirol elkarteetan, berez, nahikoa lan dutela taldea bera kudeatzen, horretara dedikatzen ez den jendea dabilelako auzolanean. Baina, AEDko ordezkariek ahalegina egiteko eskatu zieten, talde bakoitzean euskararen erabileraren jarraipena egiteaz arduratuko den ordezkari bat izendatu, eta klubetan euskara garatzen hasi.

Lehenengo eginbeharra klubean euskararen erabileraren neurketa bat egitea izango litzateke, eta ondoren 6-8 hilabetero neurketa horiek errepikatu. AEDkoen laguntza osoa izango dute horretarako, eta baita AUKEAren laguntza ere, Joserra Askasibarrek adierazi moduan. Hasteko, kirol elkarteen dokumentuak euskaratzeko itzultzaile bat jarriko luke Udalak.

Batzarrean egon ez ziren klubetako ordezkariak ez dabiltza berandu. Egon zirenek egitasmoaren berri emateko konpromisoa hartu zuten, eta AEDkoak harremanetan jarriko dira eurekin, egitasmora batu daitezen.

Talde hauetako ordezkariak izan ziren batzarrean:

  • Ointxe! Saskibaloi Elkartea.
  • Arizmendi Kirol Elkartea.
  • Arrasate Atletiko Atletismo Taldea.
  • Debagoieneko Zikloturista Taldea.
  • Arrasateko Arkulari Taldea.
  • Arrasateko Pilota Elkartea.
  • Arrasate Errugbi Taldea.
  • Arrasateko Eskalatzaile Taldea.
  • Arrasateko Aikido Taldea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak