Arrasateko osoko bilkuren aretoa bete egin da gaur euskal presoen eskubideen aldeko agerraldia egiteko. Egin deigun bidie! ekimenak deituta herriko eragile desberdinetako aurpegiak batu dira: alderdi politikoak, sindikatuak, kultura elkarteak, musika taldeak... Adierazi dute zabaldu berri den eszenatoki honek, preso eta iheslari politikoen etxeratzea ekarri behar duela: "Azken aste eta hilabeteotan asko izan dira egoera horri erreparatu diotenak: Gernikako Akordiotik hasi eta Euskal Herriko nahiz espainiar estatuko hainbat alderditako politikarien eskutik iritsi zaizkigu gaiari buruzko adierazpen eta balorazioak", esan dute.
Salatu dute bestetik, "616 preso politikok osatzen duten kolektiboa estatuen txantajearen begipuntuan" dagoela eta aukera bakarra eskaintzen zaiela: "edo damutu edo bizi osoko espetxe zigorra". Gogorarazi nahi izan dute Arrasaten dauden 12 presoetatik inor ez dagoela Euskal Herrian.
Egoera aldatzeko, datozen egunetan herrian presoen eskubideen alde egingo diren ekintzetan parte hartzeko deialdia egin dute.
Abenduak 12-16: Eragile desberdinen kontzentrazioak Portaloian.
Abenduak 17-18: Bigarren eskuko arropa azoka Seber Altuben.
Abenduak 24: Elkartasun enkartelada Seber Altuben (18:30).
Abenduak 25: Bertso saioa gaztetxean (01:00).
Abenduak 30: Kontzentrazioa Herriko Plazan 19:30ean (urteko azken egubakoitza).
Urtarrilak 1: Brindisa Portaloian (01:00).
Urtarrilak 7: Bilbon manifestazioa.