San Nikolasko boloan ikusitako jarrerekin kezkatuta: "Gurasoak hezi egin behar ditugu"

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko abenduaren 13a

Arrasateko boloan gurasoen aldetik ikusitako zenbait jarrerarekin kezka agertu du Barberenak. Ez dela kasu isolatua dio.

Urtero egiten dute boloa Arrasaten, San Nikolas egunarekin. Aurten, gozokiak harrapatu nahian guraso batzuk umeak zapaltzera iritsi dira.

"Ezin dugu orokorrean hitz egin; izan ere, gurasoen artean ere denetarik dago, baina boloan ikusitako hainbat jarrera lotsagarriak dira, eta ez da gertatzen den lehenengo aldia", esan du Barberenak Arrasate Irratian, eta hausnarketa egiteko premia ikusten du. Gaia mahai gainean dute Txatxilipurdi elkartean. "Haurrek gurasoengandik ikasten dute eta ez gara eredu egokia ematen ari", esan du.

Helduak umeak zapaltzen

"Nola heldu dira guraso batzuk ume batzuk zapaltzera?", galdetzen dio bere buruari Barberenak. “Harrigarria da”. Gurasoekin berba egin behar dela uste du; "umeekiko errespetuaz, umeen eskubideez, haurraren iritzia kontuan hartzearen gainean... Askotan zapaldu egiten ditugu eskubide horiek. Nahi barik edo nahita, eta diot nahita ze askotan gure umeak ikusten ditugu baina gainerakoak ez –edo ez ditugu gure ume moduan hartzen– eta hor hasten dira hainbat arazo".

"Gurasoei esan egin behar diegu boloa umeendako dela? Umeei lagundu ahal diegu gozokiak batzen, baina beste ume batzuei kenduta bada ez. Zalantzarik gabe heldu bat ume bat baino handiagoa eta azkarragoa da... Boloan utzi umeei denbora gozokiak hartzeko! Ze bestela beti galduko du, eta tristea da arrazoi horregatik separaziora jotzea". Arrasateko Udalak proposamen hori egin du antza; umeak bakarrik sartzea bolora.

Ez da gauza berria

Txatxilipurdin aspalditik omen dute gaia mahai gainean. Txikilandian, esaterako, zenbait eremu gurasoendako debekatuak daude. Erabaki horretara iritsi dira gurasoek ez dituztelako umeen eskubideak errespetatzen. "Errespeto eta kontzientziazio kontua da", dio Barberenak eta landu daitekeen gaia dela uste du. "Berba eginez, hausnarketa bultzatuz eta adibideak ipinita nik uste dut gurasoek ulertuko dutela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak