Bai Zarautzek eta baita MUk ere bajak zituzten euren taldeetan, baina kantxaratu diren gizonak txukun ibili dira.
Partidu oso parekatua izan da eta bi taldeen indarrak orekatuta egon dira norgehiagokaren lehen zatian. Adibidez, hiru minutu egin dituzte markagailuan berdinketarekin, eta saskiratzerik lortu gabe hirugarren laurdenean. Biek ala biek egin dute joko politeko erakustaldi bat edo beste lehen zati horretan, baina baita huts inozoak ere.
Azken laurdenean MU hobeto
Azken laurdenean arrasatearrak finago ibili dira eta poliki-poliki markagailuan aurrea hartzen hasi dira. Hala, bost eta sei puntuko aldea izatea lortu dute, eta lehiako azken minutuetan eskuratu dute alderik nabarmenena. Izan ere, defentsan hobeto ibili dira MUko jokalariak eta zarauztarrek huts egin dute jaurtiketa libreetan. Gainera, erasoan ere hobeto ibili dira arrasatearrak amaiera aldera. Hala, hiruko batzuk ere sartu dituzte. Larreategirenak osoago iritsi dira norgehiagokaren azken minutuetara eta hor egon da aldea.