2012an murrizketak egitea eskatu die Mondragonek taldeko 239 kooperatibei

Mireia Bikuña 2011ko abenduaren 8a

Datorren urtea "oso gogorra" izango dela aurreikusten dute. Hori horrela, lanpostu murrizketa zorrotzak egiteko, lan ordu kopurua handitzeko eta soldatetan gainsariak kentzeko eskatu die. Horiek dira, 2012rako gestio planean, Paco Azpiazuk zehaztu dituen neurriak. Mondragon taldeko kooperatiben artean banatzen duten 'Tu Lankide' aldizkarian jasotako informazioa da.

Dena den, Mondragon taldeak egin dituen gomendioak orokorrak dira. Enpresa bakoitzak, bizi duen egoera ekonomikoaren arabera hartuko ditu neurriak: alde batetik, enpresa bakoitzak bere erabakiak hartzen dituela, eta beste alde batetik, Mondragon taldeko enpresa guztiek ez dutelako egoera ekonomiko bera.

Neurriak

Tu Lankide aldizkarian kaleratuta informazioaren arabera, 2012rako kudeaketan "epe luzerako proiektuak eta helburuak" hartu beharko dituzte aintzat, eta baita ere, "kooperatiben intesekoak eta erantzukizun soziala" duten proiektuak. Aipatutakoez gain, zailtasunak dituzten enpresak eta etekinik ez dutenak ixtea eta aktiboak saltzea aztertzeko eskatu dute.

Plan estrategikoa

Mondragon taldea osatzen duten enpresak "apur bat berpiztu ziren 2010eko bukaeran eta 2011ko hasieran". Dena den, 2012a urte zaila izango dela uste dute: alde batetik, krisiari aurre egin beharko diotelako; eta beste alde batetik, kooperatiba askok, 2013-2016 plan estrategikoari aurre egin beharko diotelako.

100.000 langile

Mondragon taldeko enpresek 100.000 langileko lan taldea dute. Oharraren edukiaren berri azaroan eman omen zien Jose Maria Aldekoa MCCko presidenteak zuzendaritzei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak