Udal gobernua eredu berri bat lantzen ari da neguko solstizioko ospakizunetarako, Gabonetako apaingarriak barne

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko abenduaren 7a

Aurten ere, Ibai Arteko kide diren dendetako apaingarriez aparte, Udalak ez du Gabonetako apaingarri berezirik jarriko. Izan ere, Udal gobernuak eredu berri bat landu gura du neguko solstizioaren inguruko ospakizunetarako, Gabonetako apainketa barne, herritarren parte hartzearekin. Ibai Artek "toki adierazgarrienetan" apaingarriak jartzeko eskatu zuen eta Udalak erantzun die "kontsumo erantzulea eta gertuko merkataritza indartzeko proiektua" berria denez, osotasunean abian ezingo dela jarri. Horregatik dendak apaintzea proposatu die.

2011ko azaroaren 3an Udala eta Ibai Artek izandako bileraren harira eta azaroaren 16an Ibai Artek herriko "toki adierazgarrienetan" apaingarriak jartzeko eskatzen zuen bidalitako idatziari erantzunez, ondokoa adierazi zien Udalak, Tokiko Gobernu batzarrean gaia eztabaidatu ostean:

"Udal gobernua eredu berri bat lantzen ari da neguko solstizioaren inguruko ospakizunetarako, Gabonetako kale apainketa barne, herritarren parte hartzearekin: herriko ikastetxe guztiekin elkarlanean, eskola ikasleen artean dinamika parte hartzaileak, materialen birziklapena eta sorkuntza artistikoa sustatzea, ludikotasunaren ikuspegitik, beti ere kontsumo erantzulea eta gertuko merkataritza urbanoaren sarea indartzeko klabean.

Proiektua hasiberria da, eta denbora falta tartean, aurtengo kanpaina ezin izango da abian jarri osotasunean. Horregatik, zuen apainketa asmoa burutu dezazuela proposatzen dizuegu, eta Udalak lagunduko dizue Ibai Arte merkatarien elkarteari urteko jadunerako diru ekarpenaren bitartez".

Ibai Artek bidalitako idatziari dagokionez, bazkideen saltokiak Gabonetako argiekin apainduko dituztela ziurtatzeaz gain –dagoeneko jarrita daude–, elkartearen ustetan neurri hori ez da nahikoa: "Egoki eta onuragarria iruditzen zaigu udalerriko toki adierazgarrienetan Gabonetako argi edo apaingarriak jartzea, besteak beste, udalerriko sarbideetan (biribilguneak, etorbideak...), eraikuntza eta leku adierazgarrienetan (udaletxea, erdigunerako sarrerako arkuak...), erdialdeko kaleetan eta auzoetako sarreretan, Gabonetako pintzelkada bat emateko", diote idatzian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak