Atsedenaldiaren ondoren indartsu jarraituko du 'Kooltur ostegunak' ekimenak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko abenduaren 8a

Gaur, abenduko bigarren eguenean atsedenaldia hartu du Kooltur ostegunak ekimenak, baina datorren asteari begira indarberrituta dator, Zea Mays bilbotarren emanaldiarekin. Abenduaren 15ean, 22:00etan, izango da kontzertua. Beti bezala, gaztetxean egingo dute, 5 euroren truke.

Arrakasta lortu duen taldea

Gaur egungo euskal musikaren esparruan arrakasta handia lortu duen taldea da Zea Mays. Hain zuzen ere, Aiora Renteria buru duen talde bilbotarrak hainbat arrakasta lortu ditu azkenaldian. Negua joan da ta abestia izan da aurtengo arrakastetako bat, baina ez bakarra; izan ere, dagoeneko ereserki bihurtu den Kukutza III abestiarekin ere arrakasta lortu dute bilbotarrek.
Iñaki Imaz Pitti gitarra jotzailea, Ruben Gonzalez baxu jotzailea eta Asier Basabe bateria jotzailea dira gainerako taldekideak.

Makala doan izango da

Kooltur Ekintza taldearen ekimenak indarra hartuko du abenduaren 22ko gauean. Santamas eguna dela aprobetxatuta, doan izango da kontzertua: Makalak jarriko du musika gaztetxean.
Makala DJa Europan zehar dabil lan berria aurkezten. Hainbat jaialditan arrakasta lortu du eta nazioarte mailako DJen onespena ere jaso du. Swinging the Afro Mambo EPa aurkezten ibili da udatik gaur arte.
Hainbat estilo nahasten ditu emanaldietan, eta, azkenaldian, beats elektronikoz lagundutako latin, boogaloo, cumbia, rumba, soul, funk eta swing-and-jazz-and-ska doinuak proposatzen dihardu. Makalaren saioetan ez da dantza egiteko eta ondo pasatzeko aukerarik falta izaten.

Azken emanaldia: Ihesbide

Abenduaren 29an Ihesbide taldeak eskainiko du kontzertua. 2004an Elorrion sortutako taldeak punk-rock musika egiten du.
Hurrengo emanaldiei begira, Kooltur Ekintza taldeak aurreratu du Gramones! taldeak joko duela gaztetxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak