Aldaketa klimatikoaz berba egingo du antzezlanak, eta horren harira hainbat eduki landuko dituzte: arrazakeria, arduragabetasuna, boterearen grina, norberekeria... Aldi berean, baina, elkarren arteko laguntza, elkartasuna eta errespetua ere landuko dituzte. Horretarako, pertsonen antzerakoak diren animaliak erabiliko dituzte.
Inguruarekiko mendekotasuna
Hondamendi natural bat gertatzen denean, azken mendeetako aurrerakuntza teknologikoak nabariak badira ere, gizakiek babes-gabezia sentitzen dute. Kataklismo batek gizakiaren ahulezia eta inguruarekiko mendekotasun bizia gogora ekartzen du.
Halako hondamendi baten aurrean, Uharte Ozeaniarrean bizi diren Tourons txoriek beste latitude batera ihes egiteko premia ikusiko dute. Bizirik irauteko, ahulenak lurrean uztea beharrezkoa izango da, baldarki hegan egiten dutenak edota hegan egin ezin dutenak, alegia. Horiek tribuko ezinduak bezala agertuko dira.
Katrina urakanaren ondoren
Ikuskizunaren jatorria Katrina urakanean egon zela azaldu du Eriz Alberdi aktoreak: "Baliabide gutxien zituztenak abandonatuta geratu ziren", azaldu du.
Taldeak ihes egin ondoren bakarrik geratu diren lau txorien artean borroka hasiko da, baina gerora adiskidetasuna ere sortuko da. 7 urtetik gorako umeei zuzendutako antzezlana da. Modu samurrean idatzita egoteak ez du esan gura modu sinplean izango denik: jorratuko diren gaiekin edonork ikas dezake.
Euskarazko itzulpena Xabi Payak egin du. Alberdiren ustez, gaztelerazkoaren maila berdindu edo gainditu egin du. Antzezlanerako sarrerak 4 eurotan jarriko dituzte salgai, Amaia antzokian, zapatuan bertan.