Herriko kaleetan Gabonetako apaingarririk ez jartzea kritikatu dute Arrasateko jeltzaleek

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko abenduaren 7a

Arrasateko Udalak Gabonetako apaingarririk kalean ez ipintzea kritikatu du EAJk. "Inorekin kontsultatu gabe, inori iritzia eskatu gabe eta erabakia justifikatu gabe, gehiengo absolutuaren erabilera eginez, Udalak argirik ez ipintzea erabaki du" diote Mondragoeko jeltzaleek hedabideetara bidalitako oharrean.

Arrasateko EAJren Uri Buru Batzarraren presidenteak, Arantza Akizuk, eta Udal taldearen bozeramaileak, Juan Karlos Garitanok, agertu dute desadostasuna Udal gobernuaren erabakiarekiko. "Izan ere", diote, "Udalak, bereak diren eta bere biltegietan dituen argiak ezarri behar lituzkeela uste baitugu". EAJkoek diote iaz amaitu zuela Udalak herriko kaleetan Gabonetako argi apaingarriak jartzeko ohiturarekin, eta aurten ere, "argi bat bera ere ez ipintzea erabaki du".

"Argi gutxiko Udala"

Arrasatekoa "argi gutxiko" Udala dela diote jeltzaleek. "Gabonak data esanguratsuak dira Euskal Herriko gehienontzat. Alde batetik, egia da, data hauetan normala baino kontsumistagoak agertzen garela, baina, bestetik, familiak eta lagunak biltzen ditu eta harremanak indartu eta adiskidetasuna zein solidaritatea azaleratzen dituen datak dira. Gurekin ez dauden edo gurekin egon ezin direnen oroitzapena ere dakarte Gabonek" diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak