Lana, ikasketak eta musika batzea zaila da?
Ondo antolatuz gero, hirurak egin daitezke. Musika eta pedagogia ikastaroa Internet bitartez egiten ari naiz, eta, nahiz eta epeak bete egin behar ditudan, askatasun handia dut. Horretaz aparte, gitarra eta harmonia ikasten dut Arrasate Musikalen.
Zer-nolako esperientzia da gazteekin lan egitea?
Oso esperientzia aberasgarria da. Asko ikasten da gazteekin lanean eta haiek gugandik ere asko ikasten dutela uste dut. Gazteei balio positiboak ereiteko aukera dugu.
Gazte txokoetan zer-nolako ekintzak egiten dituzue?
Mahai-futbolean, ping-pongean eta eskulanak egiten ibiltzen gara. Horrez gain, irteerak ere egiten ditugu: patinatzera, mendira... Gazteek proposatutako ekintzak ere egiten ditugu; esate baterako, eskalada eta buztingintza.
Lan kontuak alde batera utzita, musika da zure zaletasunetako bat.
Bai. Musika txikitatik gustatzen zait. Pianoarekin hasi nintzen, eta kontserbatorioan piano ikasketak hasi nituen, baina ez nituen bukatu. Bada, ikasketak utzi ostean, gitarra jotzen hasi nintzen. Orain, harmonia ikasten hasi naiz.
Musika talde baten ere jotzen duzu.
Bai. Transit Blues da taldearen izena. Musika instrumentala egiten dugu.
Ze musika mota jotzen duzue?
Bluesean oinarritzen den rock taldea gara. 70eko hamarkadako musika da gure oinarria, baina estilo asko jorratzen ditugu. Orain, lokalean abesti berriak egiten ari gara.
Aurretik beste musika talderen baten jo izan duzu?
Bai: Muskaria eta Ozen taldeetan. Muskarian, Transit Blues taldean bezala, anaiarekin batera jotzen nuen. Ozenen, berriz, pianoa jotzen hasi nintzen eta gero baxua ere jo nuen.
Artisautza ere gustuko duzu.
Beti gustatu izan zait eskulanak egitea, eta Hego Amerikan zehar bidaiatzen ibili nintzenean gauza asko ikasi nituen. Izan ere, maleta ostu egin zidaten eta artisautza egiten zuten lagun batzuekin hasi nintzen. Egia esan, diru pixka bat irabazteko hasi nintzen, eta, gustuko nuenez, bueltan berriz ere nire lantxoak egiten hasi nintzen.
Zuk egindako lanak ere erakusten dituzu.
Bai; iaz, santamasetako azokan postu bat jarri nuen, eta aurten ere egin dut eskaera.
Zer egiten duzu?
Gehienbat, makramea lantzen dut. Makramea argizariz estalitako koloretako haria da eta horrekin osagarriak egiten ditut: belarritakoak, eskumuturrekoak... Larrua ere lantzen dut, baina ez dakit azokarako gauza asko egiteko denborarik izango dudan.
Polita izango da zuk egindako gauzak beste bati jantzita ikustea.
Artisau lana oso gogorra da. Gauzak egiteko denbora eta pazientzia handia behar dira, eta oso polita da norberak egindako osagarri bat jendeak eramatea. Santamasetan, nahiz eta produkturik ez saldu jendeak nire lana ondo baloratzen badu, pozik joango naiz etxera.
Garai baten, eskalada ere egiten zenuen.
Garai baten, eskalada egitera joaten nintzen. Eskuek asko sufritzen zuten, eta, musikaren eta eskaladaren artean aukeratu behar nuen; bada, gitarrarekin geratu nintzen.