Joxe Etxeberria: "Aurrekontuetan euskara ez dugu murriztuko, lan handia dago-eta egiteko"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko abenduaren 5a

Arrasateko Udalak Bikain ziurtagiria jaso zuen joan den eguaztenean eta egubakoitzean zein zapatuan arrasatearrek ederto erantzun zioten 'Euskaraz bizi nahi dut' ekimenari. Testuinguru horretan Joxe Etxeberria euskara zinegotziarekin egon gara eta Bikain ziurtagiriak suposatzen duenaren eta Euskara Biziberritzeko Planaren gainean galdetu diogu, besteak beste, Arrasate Irratian.

Euskararen kudeaketaren bikaintasuna saritzen duen Bikain ziurtagiria jaso berri duzue. Ez da kasualitatea izan, ezta?
Saria ez da pertsona baten egun bateko lana. Urteetako lanaren emaitza da eta udal langile guztiak zoriondu behar dira. Irakurketa ezberdinak ditu. Batetik, politikarien erabakia dago, euskararen alde hartu zena. Gero, euskara teknikariek plana egin eta plan hori gauzatzen lagundu dute eta, azkenik, udal langileek plan hori martxan jarri dute. Euskararen aldeko plan horretan guztiak dira beharrezkoak. Zorionak denei.

Euskara Biziberritzeko planari dagokionez zer esan dezakezu?
2002-2003an Jaurlaritzak abiarazitako plana da, herri ezberdinetan ezartzen joan dena. Arrasaten ere badago eta martxan dagoen zerbait da. Hori bai, oraindik falta dena da planeko ekintzak nork erabaki behar dituen zehaztea. Hau da, Udalak bakarrik bere gain hartu behar duen, Udalak euskalgintzan dihardutenekin batera egin behar duen edo Udalak eta euskalgintzan dihardutenek ikastetxe eta beste eragileekin batera egin behar duen zehazteke dago. Azken fase hori da falta zaiguna, parte hartzearena.

Eta azken puntu horren aurrean zein asmo dauka Udalak?
Planteatzen dugu Biziberritzeko Planean integra daitezela Arrasaten euskararen normalizazioaren alde dauden ekimen guztiak. Denok parte hartzea gura dugu, eta ardurak ere banatzea; planaren eraginkortasuna bide horretatik helduko dela uste dugu. Abenduaren erdialdetik aurrera hasiko gara bilerekin. Asmoa da lehendabizi euskalgintzan lanean diharduten eragileekin elkartzea, eurak izango direlako euskara biziberritzeko motorrak.

Beste maila batean hezkuntzan diharduten eragileak egongo lirateke eta azkenik, gainerakoak. Finean, herriko hainbat eta hainbat eragilerengana heldu gura dugu. Asmoa da 2012ko udazken aurretik plana zehaztuta izatea, 2013rako aurrekontuetako partidei begira. Argi duguna da aurrekontuetan euskara arloan ez dugula murrizketarik egingo, oraindik lan handia dago-eta egiteko: Arrasaten euskaraz %55ak daki eta %30 inguruk erabiltzen du, gutxi gorabehera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak