Debagoienean sortu zen lehen zikloturista taldea izan zen eta bailara osoko jendea zen bertako bazkide, ehundik gora lagun. 1994. urtean, ordea, estazio ondoko lokala utzi eta Inazio Zuloagan berria egiteko unean, atzera egin zuten askok, lekualdatzeak diru ekarpena eta lana egitea zekarrelako.
35 bat bazkiderekin geratu zen, baina gerora gora egin du berriz eta 66 dira egun Debagoiena Txirrindularitza Klubeko kide. Zaletasuna piztu eta mantentzea dute helburu.
Oroitzapenak onak dira, 90eko hamarkadan auto batek harrapatuta hil zen Joxe Mari Saizen heriotza salbu.
Profesionalen pare!
"Argazki hau noizkoa den? Seguru ez gaude, baina 25 urte izango ditu, gutxienez!" San Juanetan jai zutela aprobetxatuz, Frantziara egindako irteera bateko argazkia da, Tourmaleteko gainean ateratakoa.
Astebeteko egonaldia egin zuten bertan, hotelean, eta autobusez egin zuten joan-etorria. Aspen, Aubisque... egunero egiten zituzten 100-150 kilometro, lehen mailako mendate bat tartean zela. Oroitzapen oso onak dituzte, batez ere, Juan Madinabeitiak: "Tourmaleta igo genuen eguna loriatsua izan zen Paco Alvarez eta biontzat, profesionalak al ginen galdetu ziguten frantses batzuk!", diosku irribarre batekin.