Korreoena baserriko Egoitz Zuazubizkarrek beste bi lagunekin batera dauka txerria–Iñaki Etxebeste eta Jon Baltzategi–: "Nik baserria eta eskulana ipintzen dut eta haiek pentsua, txorizoak egiteko osagai guztiak eta gainontzeko gastuak".
Potxolo bigarren txerria dute; aurreko urtean hazi zuten lehenengoa: Rosa. "Santamasetako Komisiñoko kideak ezagutzen ditugu, eta pasa den urtean txantxetan esan genien Arabatik ekarri barik geuk, etxean bertan, plazan erakutsitako txerri hura baino ederragoa geneukala. Txantxa moduan hasi zen guztia, baina urtarrilean, aurtengo txerria geuk ipintzeko proposamena egin ziguten".
Lasaia, garbia eta jatun ona
Joan den martxoan iritsi zen Potxolo Garagartzara eta ordutik hona etxekoen mimo eta begirune guztiak jaso ditu. Zuazubizkarren esanetan, akaso, gehiegi mimatu dute: "Pentsua emateaz gain, baserriko produktuak ematen dizkiogu, garaian garaikoak: azak, kalabazak, kiwiak, sagarrak, eta abar. Horrez gain, gazuria ere ematen genion hasieran, gazta egitetik sobratzen den ura, alegia. Gazuria ikaragarri gustatzen zaio. Kapritxora zainduta dago. Balio duena baino diru gehiago gastatzen dugu hura zaintzen, baina...".
Potxolo-ren egunerokoak ez du misterio handirik: jan eta lo. Horrez gain, egunero hamar minutu inguru ateratzen dute ukuilutik, apur bat ibil dadin: "Bere tokia garbitzen dudan bitartean aske uzten dut. Oso lasaia da eta bere kaxara ibiltzen da, ez digu kasu handirik egiten. Gainontzean, jan eta lo".
Askok uste dutenaren kontra, txerria oso animalia garbia da eta Potxolo ere garbi-garbi topatu genuen Korreoena baserrian: "Txerriak zikinak dira jaten, edozer gauza jaten dutelako, baina euren garbitasuna asko zaintzen dute, oso kuriosoa da. Hark ere txiza eta kaka beti leku berean egiten du eta sekula ez da gainean etzaten. Behien edo zaldien aldean oso garbia da txerria".
Jan eta lo egiteaz gain, Potxolo-k badauka beste zaletasun bat: burbuilatxoak egitea. "Askara barazkiak botatzen dizkiot eta baita ur beroa pentsuarekin nahastuta. Muturra uretan sartu eta burbuilak egitea asko gustatzen zaio".
Ilusioa bai, baina ardura era bai
Zuazubizkar pozik dago Potxolo Santamasetako txerria izango delako, baina esan digu ardura ere badakarrela horrek: "24 ordu pasatuko ditu baserritik kanpora eta horrek beti arduratzen zaitu. Horrenbeste lan hartu eta gero zerbait gertatuko balitz, sekulako faena izango litzateke. Ea dena ondo irteten den".
Hogei egun barru, baserriko lasaitasuna utzi eta kaleko zarata eta burrunbara etorri beharko du. Hura konturatu ere egingo ez den arren, egun batez festaren erregea izango da Potxolo.