Zer dela-eta sortu zenuten TRT Racing taldea?
Igoera guztietara hiruzpalau lagun joaten ginen, eta ez genuen laguntza handirik behar, etxetik autoa ia gertu eramaten genuelako. Igoeratan azken orduko aldaketa txikiak egiten dira, gurpilak aldatu beharrik badago... Igoeratako azken urtean koadrila handiagoa batzen ginen, baina zirkuitura joaten hasi ginenean konturatu ginen han lan handiagoa dagoela, txanda batetik bestera aldaketak egin behar izaten direla, eta jende gehiagoren laguntza behar genuela. Ordurako, baina, sortuta geneukan TRT Racing.
Zeintzuk batzen zarete lasterketetan?
Automobilak eta lasterketak gustuko ditugun lagun koadrila bat. Unai eta Asier Arana, Iñigo Garai, Alain Sulupe, Iñaki Beci... mekanikari lanetan laguntzen ibiltzen dira; Igor pilotua da eta Andoni, anai nagusia, logistika arduraduna; jatekoetaz eta edatekoetaz arduratzen da [Barre]. Ez dadila ezer falta, gu kapaz gara egun osoa jan barik egoteko-eta.
Mekanikari lanetan ibiltzen zara autoa gidatzen baino gusturago?
Ez pentsa, sekulako inbidia pasatzen dut, eta datorren urtean erresistentziako probak egin nahi baditugu nik ere pilotu lanak egin beharko ditut. Baina, nik ez dut Igorrek bolantean duen odol hotza, ezta zirkuituko itzuli bakoitza denbora berdintsuan egiteko gaitasuna ere. Igorrek esku ona du, azkar gidatzeko dohaia du eta lasterketan nahiago izaten dut berak gidatzen badu. Bestalde, nik mekanikari moduan gozatu egiten dut, autoak egiten duen gauza bakoitzaren zergatia jakitea gustatzen zait.
Horixe eskatu zenion, hain zuzen, Jon Aranbururi mekanikari lanetan ibiltzea eskaini zizunean.
Bai. Jon Aranburuk urte mordoa egin ditu Seat Sport etxean, eta arlo mekanikoan mordoa dakien gizona da. Lehengago geneukan Seat Ibiza GT TDI autoa guk muntatu genuela jakin zuenean eskaini zidan euren taldean mekanikari moduan hastea. Baldintza bakarra eskatu nion, gertu nengoen ezer kobratu barik lanean jarduteko, baina autoari egiten genion gauza bakoitzaren zergaitia jakin nahi nuen; mordoa ikasi nuen eurekin eta puntako pilotuekin lan egiteko aukera izan nuen: Iñigo Vigiola –GP2n De la Rosarekin ibilitakoa–, Txus Jaio, Aitor Arakistain... Pilotu onak izatearekin batera oso jende jatorra da, beti daude laguntzeko gertu.
Montmelon egin zenuen debuta.
Bai, 24 orduko lasterketa batean. Sekulako esperientzia izan zen, ederra, baina baita gogorra ere. Saltsa handia egoten da, gurpil aldaketak, pilotu aldaketak, deposito betetzeak... Baina zapatu eguerdian hasten dute lasterketa, eta domeka eguerdian amaitu. Goizaldeko 03:00etan gure pilotuari abiadura-kaxa apurtu zitzaion, eta osorik desmuntatu behar izan genuen. Goizeko 07:00etan, berriz, laugarren pilotuari sekulako kolpea eman zioten, eta txikituta geratu zen autoa. Lasterketatik kanpo geratuta eta egiteko ezer ez genuela ikusita, Red Bull kaxa bat erosi, eta lorik egin barik etxera itzuli ginen.
Beste batzuendako mekanikari lanetan, baina, lehenago hasi zinen.
2005ean Rally Pays Basque-n ezagutu nuen Mikel Sarasola. 107 pilotutatik 22. postuan gindoazen rallyan, sekulako zartakoa hartu genuen arte. Sarasolaren eskutik hasi nintzen lanean Antonio Aristi, Arriet Arruabarrena eta konpainiarekin, eta Mikel Sarasolari esker ezagutu ahal izan nuen Jon Aranburu, nire mekanikari arduraduna izan zena.
Zer dela-eta utzi zenion talde horietan mekanikari moduan ibiltzeari?
Oso nekagarria zelako. Aste barruan lantegian lan egin ostean asteburuan, esaterako, Albaceteraino joan behar izaten ginen. Domekan lasterketak amaitu eta dena batu orduko 17:00ak ziren, eta itzulerako bidaia geratzen zitzaigun. Eta astelehenean 07:00etarako lantegian egon behar nuen.
Hain zuzen, Aranburuk animatuta hasi zineten autoa zirkuituetara eramaten.
Igoera bat ikusten ari zela harrituta geratu zen anaiak egin zuen lasterketarekin; garbi trazatzen zuela jabetuta zirkuituan ondo ibiliko ginatekeela esan zigun, eta probatzera joateko.
Frantziako Pau zirkuitura joan zineten lehenengo.
Bai, baina ez genuen gauza onik egin (Barre). Hasteko, galdu samar ibili ginen bertara iristeko eta eguerdiko txanda egiteko berandu iritsi ginen. Baina ondoren barre egin genuen; autoak fisura bat zuen distribuzioko polean eta abiadura-markagailua ez zebilen ondo; gure abiaduraren eta erlojuak erakusten zuenaren artean 60-80 kilometro orduko aldea zegoen. Anaiari irratiz galdetzen nion ea zer moduz zihoan, eta berak autoa hegan zihoala, 240 kilometro ordura! Bai zera...
Zirkuituetako lehenengo urtea ez zen erraza izan.
Hainbat arazo mekaniko izan genituen. Esaterako, Jaramako RAC-eko proba batean konfigurazio okerra jarri eta turboa apurtu genuen; baina ez lasterketetako autoarena bakarrik, baita anaiaren kaleko autokoa ere. Asteburu beltza izan zen, eta nahikoa komeria izan genuen etxera itzultzeko.
Eta orain erresistentziako probak dituzue buruan.
Gertuen Jarama eta Los Arcos ditugu, baina Montmelora joan nahiko nuke nik. Gainera, uste dut gure autoarekin aurrean egoteko aukera handiak izango genituzkeela. Lasterketa bi ordukoa izaten da, eta nik badakit gure autoa kapaz dela bi ordu egoteko deposito bakarraz. Seat Leon edota Clio Sport autoek ezin dute halakorik egin, eta hor bakarrik 180 segundoko abantaila izango genuke. Hori pistan abantaila handia da.