Zelan gogoratzen dituzu zure zinegotzi urteak?
Egin nuen azkeneko agintaldiko oroitzapen oso-oso txarrak ditut. Inazio Lakuntzarekin lehenengo egunetik desadostasunak izan nituen eta oso txarto konpondu ginen. Jose Mari Loitirekin, aldiz, oso gustura bukatu nuen.
Zerk animatu zintuen zinegotzi izatera?
Ni ez naiz inoiz politikaria izan. Ni beti izan naiz, eta izango naiz langile bat. Udalera joan nintzen herriaren alde lan egitera. Nire iritziz, lan egitera baino politikari izatera eta norbere burua zuritzera doanak hobe du etxera joatea.
Aukeako, Kirol batzordeko presidentea izan zinen…
Bai. Loitirekin Aukea, Hezkuntza eta Euskara izan nituen; eta Lakuntzarekin, Aukea. Hori eta beste gauza asko egin nituen inongo beste sailetan egon gabe, baina dena nire kontura. Udalean egin ditudan lanak beti oso bereziak izan dira. Hara, Musakolako nasa (andena) neuk eginarazi nion Foru Aldundiari. Bestalde, Musakolako postontzi guztiak taberna baten zeuden, eta handik atera eta baserri bakoitzaren aurrean ipini nituen.
Aukeako garaian, Musakolako kiroldegia berritu zen…
Nire diseinua izan zen, nire lana izan zen kirol guztiak batu eta leku berera ekartzera. Loitiren garaian diseinatu nuen. Baina ez dago bukatuta. Eta ez da bukatuko proiektuan zegoen moduan.
Zergatik?
Pentsatuta zegoen belodromoa ez zen egin, erreka 25 metroan estali behar zelako eta Aldundiak esan zuelako horrela egin ezean, ezingo zela egin. Markel Olanorekin sekulako haserrealdia izan nuen horren kontura. Gero, patinaje eta eskubaloirako lekuak ez zituzten estali. Kiroldegia egiten ziharduten bitartean, jarraipen batzorde bat zegoen, baina ez zidaten hara deitu, kirol arduradun nagusia neu izan arren. Bestalde, errugbi zelaian eta ondoko futbol zelaian ere beste hankasartze larri batzuk egin ziren. Horrekin guztiarekin eta beste hainbat kontugatik, Aukeako presidente kargua uztea erabaki nuen. Niri gauzak garbi gustatzen zaizkit, eta lanean tontokeria gutxi nahi dut; hori, eta dirua neurriz gastatu eta herriarengatik lan egin, besterik ez.
Beste proiektu garrantzitsu batzuk ere izan ziren zure garaian.
Bai. Musika Etxea egitekoak ziren erlojuaren egoitzan. Baina gaizki egin zuten: azken solairurako proiektua egin zuten bakarrik, eta Foru Aldundiak esan zuen eraikin osorako proiektua behar zela. Egin barik geratu zen. Joan den agintaldian, inork ez zuen egin, eta oraingoan ere ez dute ezertxo ere egingo.
Gelmako kontua ere orduan izan zen: lurzoruak 145 milioi balio zituen baina Udalera ez zen txakur txikirik etorri… Erreta irten nuen eta ez naiz inoiz itzuliko.
Loitirekin zer moduz ibili zinen, ze oroitzapen dituzu?
Jose Mari Loitirekin 19 hilabetean egin nuen lan, eta zoragarri, zoragarri ibili ginen. Loiti gestore oso-oso ona da, gizon benetan argia. Arrasatearrek ez dute alkate hori merezi zuen bezala estimatu. Baina alkate bikaina zen: taldeari ardurak ematen dizkio, lan egiten uzten dio eta lagundu egiten dio. Lider peto-petoa da.
Orain zelako bizimodua egiten duzu?
Orain oso ondo bizi naiz, erregearen pare, emaztearekin. Osasuna pixka bat ukituta daukat, baina bestela, pozik nago. Ortuan lan egiten dut. Liburu bat egiten ere banabil, Gorlizko, nire herriko familien gainekoa. Ea aurten bukatzen dudan, edo datorren urte hasieran. Lau urte daroat honekin. Lan handia da: lehenengo argazkiak atera behar ditut, 1.000 basetxe baino gehiagorenak eta 50 urte baino gehiago dituzten etxeenak, eta ezin naiz egunero Gorlizera joan; gero, familiekin egon behar naiz, nortzuk diren galdetu…
Beste zaletasunik baduzu?
Bai: musika. Ni txistularia naiz, eta orain lau urte, txisturako zortziko bat eta biribilketa bat idatzi nituen, eta orain urte bi, habanera bat. Baina harmonia ez dakit. Gero, Alacant-etik Gorlizera etorri eta han bizi izandako musikari baten lagunak Gorlizendako habanera bat egin zidan, zoragarria: Gorlizen nabilela/Paseando por Gorliz du izena. Hori dena bilduma baten jaso dut, Gorliz, nire herria izenekoa. Eta liburu horiek bukatzen ditudanean lasai geratuko naiz.