Kalean da 'Pedro de Viteri Arana' liburua, Arrasateko eskola-sortzaileari gorazarre gisa

Leire Kortabarria 2011ko azaroaren 29a

Pedro de Viteri Arana liburu mardula eta ederra aurkeztu dute gaur iluntzean egileek, lau arrasatearrek: Ana Isabel Ugaldek, Arantza Otaduyk, Javier Balanzategik eta Juan Ramon Garaik. Arrasateko historian erabakigarria izan den eskola-sortzaile eta filantropoaren figura hobeto ezagutzeko ezinbesteko liburua da. Aurkezpenean herritar ugari izan dira Biteriren bizitza gertuagotik ezagutzeko eta liburuaren nondik norakoak jakiteko. Guatemalan bizi diren Biteriren familiartekoek Skype bitartez jarraitu ahal izan dute aurkezpena.

Pedro Biteri Arana (1833-1908) ezaguna da, batik bat, eskolak sortu zituelako. Eskola publikoak ziren, eta patronatuak ere sortu zituen, eskolak finantzatuta egongo zirela bermatzeko. Arrasaten ez ezik, Gipuzkoako beste 10 bat herritan ere sortu zituen, tartean Aretxabaletan.

Biteri, panamazko txapelarekin, eskolako patronatuarekin.

Intxorta 1937 kultur elkarteak argitaratu du liburua eta Udalaren Jose Letona bekaren laguntzarekin egin dute. Lan eskerga egin dute lau arrasatearrek: Euskal Herriko artxibo garrantzitsuenetan egon dira, eta baita Parisen, Londresen, Madrilen eta beste leku batzuetan ere, Pedro Biteriren arrastoaren atzetik. Ikerketa eta bilaketa ordu luzeen fruitua da honako liburua, euskaraz eta gaztelaniaz argitaratua eta 100 argazki eta dokumenturen irudi baino gehiagorekin.

Biteristen batzar bat, filantropoaren oroimenez.

Lehenengo pausoak 2003an eman zituen Ana Isabel Ugalde historialariak: "Biteriren gaineko hitzaldia egitea eskatu zidaten, eta, mondragoetarra, herrian betidanik entzundakoa, eta irakaslea ere banaiz… eta hor hasi nintzen bila. Gero, 2008an, bere testamentua topatu nuen". Juan Ramon Garai bere aldetik ikertzen hasia zegoen, herriko hezkuntza historiaren gainean, eta biak elkartu ziren eta beste bi lagun ere batu ziren proiektura. Jose Letona bekara aurkeztu ziren eta irabazi egin zuten. Hori eta gero, artxiboetako lan luzea eta, askotan, etsipengarria etorri zen, baina azkenean izan du bere ordaina.

Maisu Arano eta Biteriko ikasle batzuk. Erdikoa David Artzamendi da, egun 97 urte dituena.

Pedro Biteri ez da hain figura ezaguna, kontuan hartuta zer egin zuen: "Mondragoen jaiotako euskaldun filantropo garrantzitsuenetariko bat da Biteri. Berak egindako lanari esker, XX. mende hasierako Mondragoe berritu zen, Garibai etxea berritu zen, burdinazko berdura plaza egin zuen, eskola eraiki zuen, eta eskolaren finantzaketa bermatzeko fundazioa ere sortu zuen", esaten dute egileek.

1902. Eskola inauguratzeko meza. Biteri eta emaztea ere mezan izan ziren.

Hori bakarrik ez, hezkuntza Gipuzkoa osoan zabaldu zuen, beste hainbat herritan ere eskolak zabaldu zituelako.

Ana Isabel Ugaldek gaineratzen duenez, "familia umiletako seme-alabek lehenengo aldiz izan zuten aukera behar bezalako hezkuntza jasotzeko. Eta Biterik ardura berezia izan zuen neskatilak eskolara joan zitezen. Eskola hartako marrazketa gela izan zen geroko eskola profesionala. Mondragoeren modernizazioa, geroko lantegiak… ezin dira ulertu Biteriren lan barik".

Biteri eskolak. Gaurko Biteri plaza den lekuan zeuden.

Liburua Intxorta kultur elkartearen webgunean, Arrasateko Ttukun dendan eta Eroskiko kanpoko dendan eros daiteke. Durangoko Azokan ere salgai egongo da eta, azoka eta gero, liburu dendetan ere bai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak