Kolaborazio askoko lana da?
Beste jende baten ikuspuntua jaso gura izan dugu. Abesti bat eman eta geure musikak zer iradokitzen zien jakin nahi genuen. Mikel Etxaburuk kartzelatik idatzitako Zu orain txoria eleberrian ere oinarritu gara; bertako letrak, testuak erabili ditugu. Fredi Paia eta Amets Artzallusen berbak ere jaso ditugu. Diskoak dioen moduan, collage bat izan da.
Bederatzi abestiko lana da.
Denetik. Governors azken bi diskoekin identifikatzen duten abestiak daude; baita oso ezberdinak diren kantuak ere. Larru azaletan kantuak oso hasiera elektronikoa dauka eta jendeak ez du Governorsekin identifikatzen. Baina jendea harritu nahi genuen eta beste zerbait esperimentatu, eboluzionatu egin nahi genuen. Herrien arteko lo kanta apurtzailea da egiten dugunarekin alderatzen badugu. Oso koru ezberdinak ditu eta zati melodikoa asko urruntzen da egiten dugunetik. Ez zaizkigu gauza markatuak gustatzen; mugitu eta esperimentatu egin nahi dugu.
Mackfarland-en kantu bat ere euskaratu duzue.
Mackfarland IRAko komandantea izan zen hamar pertsona hil ziren gose greba hartan. Oso istorio gordina bizi izan du. Egun, Mackfarland musikari moduan dabil zuzenekoak eskaintzen. Letra politak, hunkigarriak ditu. Irlandako kontaktu baten bitartez baimena eskatu genion. Gainera, ingelesez sartu du errezitaldiaren pasarte bat.
Laboari omenaldia.
Fredi Paiak, Mikel Laboa hil zenean, artikulu bat argitaratu zuen Berria-n: Mikel Snake. Laboak Artzeren letraz egindako kantuan oinarritu zen Paia. Guk testu horretatik ideia hartu gura izan dugu; Paiarekin hitz egin eta halaxe egin genuen abestia.
Haritz Harreguyrekin berriro.
Haritzekin oso erraza da lan egitea. Asko gustatzen zaigu entzuten duen musika estiloa. Ekonen garaian ere zuzenekoak egin genituen. 1995a ezkero egin dugu lan harekin, pentsa! Musikarekiko duen ikuspuntua gurearen oso antzekoa da.
Melodikoagoa, gordinagoa da?
Jendeak melodikoagoa dela dio eta egia da guk beti izan dugula melodia. Azkenean, gustuen kontua oso pertsonala eta zaila da. Batzuendako gogorragoa da, beste batzuendako melodikoagoa. Aniztasun handiagoa du lan honek, muturreko diskoa da Frenetikodrome-rekin alderatzen badugu, estilo gehiago ditu.
Joserra Senperenaren laguntza ere izan duzue.
Introa egin eta soinuan lagundu digu. Sekulako ibilbidea eta ikuspegia dauka; pila bat ikasi dugu. Mikel Erentxun, Fito… musikari askorekin lan egin du. Oso pertsona umila eta gertukoa da; gustura egin dugu lan Senperenarekin.
Keu Badoa eta Yago sartzen da.
Keu urtebeterako etorri zen eta dagoeneko urte eta erdi egin du gurekin! Diskoa egiten lagundu digu eta badoa. Oso gustura dago, baina lana eta familia ezingo ditu Governorsekin bateratu. Yago ordezko naturala da. Ekonen garaitik ezagutzen dugu eta zuzeneko haragia da. Urtarriletik aurrera dena emango duen zalantzarik ez daukagu.
Zuzenekoan berriro harrituko gaituzue?
Ez izan zalantzarik! Dena ezberdina izango da; hala ere, suak mantenduko ditugu. Bestelako eszenografia dugu eta txunditzen saiatuko gara. Ez gara Ramstein, baina ikuskizuna bermatuta egongo da.
Agenda bete-beteta duzue.
Abenduaren 3an Durangon izango gara; 11n Irunen; eta Keuri agurra abenduaren 30ean, bere etxean, Ondarroan egingo diogu. Eta urtarrilean 15 eguneko atsedena; gero, otsailera arte beste bost zuzeneko lotu ditugu. Ilusioz eta zuzenekoen gosez gaude, hasteko desiatzen!
Keu Agirretxerekin elkarrizketa Arrasate Irratian, hemen entzungai
Keu Agirretxe, Governors taldeko kidea izan zen egubakoitzean Arrasate Irratian 'Collage' diskoaz berbetan. Segidan klikatuta duzue entzuteko aukera.