Berdegunean, baina, Anaitasunak ez zuen apartekorik erakutsi; hala, 10. minutuan Xabi Pavonen erdiraketa Txonanek buruz ederto errematatu zuenean (1-0) zaleen esperantzak piztu ziren, posible zen liderra ezustean harrapatzea.
Poztasunak 8 minutu iraun zituen, Mondrako atezain Ander Ruizek azkar jokatu nahian Iregiri eman ziolako baloia, baina defentsak kontrarioa gain-gainean zuenean. Azkar ibili zen Azkoitiko aurrelaria, motel atzelaria, eta baloia lapurtuta gola egin zuten azkoitiarrek. Zaleak haserre, liderraren aurrean ezin direlako horrelako opariak egin.
Minutu eroak
Akatsa zuzendu nahian hurrengo jokaldietan ondo ibili zen Arrasateko atezaina, argi, dezentetan irten behar izan zuelako sakoneko paseak moztera. Atsedenaldirako bi minuturen faltan, baina, Anaitasunako Sanchezek egin zuen 1-2koa, sakonean pase on bat jaso, atezainari iskin egin –Anderrek gutxi egin zezakeen hor– eta maisutasunez baloia ondo gurutzatuta saretara bidali zuenean. Bazirudien Mondraren gainbehera izango zela, baina Pavonek 45. minutuan egin zuen binako berdinketa, atezainari ondo aurre eginez (2-2).
Bigarren zatian gehiago nahastu zen jokoa. 68. minutuan Anderrek ez zuen ukabilez ondo urrundu, eta aurreratuta geratu zen; baloia loratuaz egin zuen Anaitasunak 2-3koa.