Krisia disekzionatu eta soluzioak eman zituen Vicenç Navarrok

Leire Kortabarria 2011ko aza. 25a, 09:39

Ekonomia eta finantza krisia zergatik sortu zen eta horretatik irteteko zer egin behar den azaldu zuen Vicenç Navarro irakasle eta pentsalariak atzo iluntzean Eskola Politeknikoko areto nagusian: funtsean, ongizate estatua handitu eta aberastasuna banatu. Hemizikloa bete egin zen eta jende askok zutik ere jarraitu zuen irakasle katalanaren hitzaldia.

Adibide praktiko bidez eta hitz xehez azaldu zuen Vicenç Navarrok krisia zergatik sortu zen. Espainiaren kasua aztertu zuen, batik bat, Grezia, Portugal eta Irlandaren kasuekin parekatuz eta Europako Batasunarekin, batez ere Suediarekin konparatuz.

Bere esanetan, aipatutako lau herrialdeek gobernu ultraeskuindarrek, diktadurek edo oso gobernu kontserbatzaileek izan dituzte, eta horrek antzeko arazo batzuk sortu dizkie: diru publiko gutxi inbertitzea ongizatean. Espainiaren kasuan, Euro monetan sartzeko konbergentzia neurrien artean zegoen defizit publiko txikia lortzeko, Aznarrek ongizate estatua sakrifikatu zuela esan zuen. "Horren ondorioz, defizit publikoa estrukturala bihurtu zen, baina ezkutatuta geratu zen, burbuila inmobiliarioarengatik. Jendea asko zorpetu zen, etxebizitza abal gisa emanez. Burbuila inmobiliarioak eztanda egin zuenean, agerian geratu zen barru-barruko defizit estruktural hori eta krisia sortu zen", esan zuen Navarrok.

Bost milioi lanpostu

Beste aldean dauden herrialdearen adibide gisa Suedia erabili zuen. Bertan, gastu sozialera diru publikoaren %29 bideratzen da; Espainian, diru publikoaren %22 besterik ez. Gainera, Suedian, administraziorako lan egiten dute langileen laurdenak; Espainian, %9ek bakarrik. Langabeziarekin bukatzeko modua eman zuen: "Espainiak Suediaren pareko ongizate estatua balu, bost milioi lanpostu inguru sortuko lituzke. Beraz, langabezia bukatu egingo litzateke".

Espainiako gobernuek jarraitutako politika fiskala ere gogor salatu zuen, esanez kapital handiak oso zerga txikiak ordaintzen dituela. Ironiaz azpimarratu zuen zelan "sozialistek ere zergak jaitsi" zituzten, "batez ere gehien dutenei".

Krisiarekin bukatzeko modua, Navarroren iritziz, aberastasuna hobeto banatzea litzateke. Horrela, jendeak kontsumitzeko, gastatzeko diru gehiago izango luke eta zergak modu ekitatiboagoan ezarriko lirateke.

Itxaropenerako mezua ere bidali zuen: "Gobernu eskuindarrek, komunikabideen bidez, esaten dute ez dagoela alternatibarik, baina badago".

Hitzaldia Gizabideak antolatu zuen, Arizmendi Topaketen barruan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak