Askotariko doinuak Governors taldearen 'Collage' disko aurkeztu berrian

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko azaroaren 24a

Gaur aurkeztu dute Bilbon Governors taldearen berriena: Collage izenburukoa. Ibilbide luze eta emankorra duen J.Sang-ek (Fjord, Ekon, Brutal Melody…) pieza, joera, tendentzia, emozio, bidelagun eta esperimentu asko batu ditu disko berrian. Joserra Senperena (teklatuak) eta Keu Agirretxearen (gitarra) laguntza izan dute diskoa grabatzeko eta izen handikoen letrak erabili dituzte abestietan: Amets Arzallus, Eider Zumalde, Fredi Paia, Mikel Etxaburu… Mauka zigiluarekin argitaratu dute.

Diskoa argitaratzearekin batera, zuzeneko emanaldiak hasiko dituzte, diskoa aurkezteko. Otsailaren 10ean, esaterako, Arrasaten izango dira.

Zuzeneko emanaldiak

Hemen, oraingoz ziurtatuta dituzten kontzertu zerrenda osoa:

  • Abenduak 3 zapatua: Durango, Plateruena.
  • Abenduak 10 zapatua: Hondarribia, Psilocybe.
  • Abenduak 30 egubakoitza: Ondarroa, Kafe antzokia.
  • Urtarrilak 14 zapatua: Bermeo, Kafe antzokia.
  • Urtarrilak 21 zapatua: Iruña, Gora Iruña aretoa.
  • Otsailak 10 egubakoitza: Arrasate, Gaztetxea.
  • Otsailak 24 egubakoitza: Gasteiz, Jimmy jazz.
  • Martxoak 17 zapatua: Etxarri, Gaztetxea.

Doinu indartsua

Governorsen bereizgarri handienetakoa da doinu indartsu eta itsaskorren arteko eremu ia ezinezkoari eustea, eta lan honetan muturrak are eta gehiago aldentzen badira ere, lemari tinko eutsi diote iparra inola ere galdu gabe.

Taldekideen iraganeko heavy-rocka melodien atzean burrunbaka zelatan ageri da zenbait kantutan eta nagusitu egiten da Beldar itsua-n; Eskandinaviako punk-rock bizienarekin Mikel Laboari omenaldi partikularra egin (Mikel Snake) eta aurrera egiteko animoak ematen dizkigute (Igerian); Joserra Senperenaren laguntzarekin, Frenetikodrome-n ia oharkabean hasitako ildo dantzagarria Bertigo!!-n sintetizadore eta guzti garatu dute.

Abestea/espresatzea ezin hobeto deskribatzen duen Larru azalean kantan rocka eta elektronika ezkondu dituzte; eta Bik MacFarlanek lagunduta, Bobby Sandsen figura emozioz eta intentsitatez gainezka egiten duen pieza pop-rockeroarekin jantzi dute, besteak beste. 

Elementu anitza

Zera irakur daiteke Iker Barandiaranek idatzitako promozio orrian:

"Collage jarri diote izenburua diskoari eta collagea da elementu anitzak batasuna duen osotasunean batzen dituen teknika artistikoa; batzuetan arriskutsua izan daiteke, baina are eta arrisku handiagoa hartu emaitza are eta aberatsagoa izan daiteke. Arrasateko taldearen hirugarren lanak asko du horretatik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak